Grumal eta Edesako langileentzat adostutakoa bete behar dela gogoratzen du ELAk
Zortzi hilabetez borroka egin eta zalantzan bizi ondoren, Grumal eta Edesako langileek etorkizuna argiago ikusteko aukera dute, MCC eta Fagor taldea prozesuan zehar apenas agertu diren arren; behin eta berriz esan izan zaigu Talde Kooperatiboak ez zeukala Edesa eta Grumaleko soldatapeko langileen alde ezer egiteko asmorik.
Bestalde, Jaurlaritzako Enplegu sailak eta Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunekoak ere ez dute babesik eskaini.
Joan den ekainaren 13an iritsitako aurreakordioa ELAren iritziz egokia eta ona izan zen; batzarretan langileek ere aho batez berretsi zuten, bermatu egiten baitzuen langileek hautua egitea: enplegua edota ordainsari duina.
Halaber, enpleguaren aukera ziurtatuta, hurrengo helburua lan-baldintza duinak bermatzea izan da; subrogazioa zen posibilitateetako bat, baina hau azkenik ez da posible izan. Halere, eskaintzan lan-baldintzak hobetu ahal izan dira, esaterako Gipuzkoako Metalgintzako hitzarmen sektoriala aplikatzea, aurreko urteetako KPIaren arabera eguneratua.
Hau ahalbidetzeko erosteko asmoa zuten talde desberdinekin izandako elkarrizketetan jakinarazi egin zitzaien zer hitzartu zen Grumal, Fagor eta Edesaren amaiera-EEEa negoziatzeko batzordean; hautagai bakoitzari azaldu genion zeintzu ziren gutxieneko baldintzak aurkeztutako eskaintzen aurka egin ez genezan.
ELAk espero du CATAk negoziazio-batzordearekin iritsitako akordioa oso-osorik betetzea ; lehenbailehen eta negoziatutako baldintzetan hartu beharko ditu enplegua hautatu zuten 122 personak.
Hain zuzen, ELAk adi jarraituko du CATAk hartu dituen konpromisoak benetan aintzat hartzen dituen; espero dugu hau eperik laburrenean gauzatzea.
ELAren helburu nagusia da etorkizunean enpresa proiektu hau indartzea eta merkatuan izan zuen lidergoa berreskuratu ahal izatea, langileen erosteko ahalmena hobetuz, eta kalitatezko enplegua sortzeko gauza izan dadin, bide batez bere inguruko eta Euskal Herriko ongizatea eta aberastasuna areagotze aldera.