Garaipenaren giza-irudi ikusgarria marraztu dugu Bilbon

2017/02/10
Garaipenaren giza-irudi ikusgarria marraztu dugu Bilbon
Dozenaka ELAkidek garaipenaren giza-irudi ikusgarria marraztu dute Bilbon gaur eguerdian, azken urtean erdietsitako langileen lorpen sindikalak aldarrikatzeko. Frogatuta geratu den bezala, antolakuntza eta elkartasuna ezinbestekoak dira.

Krisi finantzarioak eztanda egin zuen unetik, langileen arteko elkartasuna ere krisian sartu zela entzun dugu sarri. Finantzarioa baino sistemikoa den krisi honek langile kontzientzia bera zalantzan jarri duela defendatzen dute askok: elkartasun kolektiboaren zimenduak kolokan jarri eta antolaketarako talde indarra gohitik behera txikitu duela. Izan ere, zertarako antolatu, gauzak aldatzea ez badago gure esku?

Bada, gezurra da hori, aldaketa eragitea badago gure esku. Eskuz esku eskuratzen dira garaipenak, antolatuz eta indarraz metatuz, eta ondo frogatu du hori ELAk atzean utzi berri dugun 2016. urte honetan.

Ezin aipatu gabe utzi Bilboko Arte Ederretako Museoko langileen garaipena edota Kaiku km-0-ko beharginek eskuratutakoa... Hauek, ordea, adibide batzuk baino ez dira, baina askoz gehiago dira ELAk atzean utzi berri dugun urte honetan erdietsitako garaipenak.

Ondo erakusten du horrek sindikalgintzak baduela aldaketak eragiteko indar eta gaitasuna. Negoziazio kolektiboaren bitartez akordio onak eskuratu daitezkela frogatu dugu, eta egoerak hala eskatzen duenean, baita gatazkak planteatuz ere.

Izan ere, galtzen den borroka bakarra, egiten ez dena da.

Horregatik, ELAk langileen defentsaren fruituak goraipatu eta garaipen guztiak ospatu nahi ditu, nola ez, protagonistekin, borroka horietan tinko mantendu diren langileekin.

Elkartasun eta langile borrokaren irudia eraiki nahi izan dugu. Eskuz esku lekukoa pasatu diogu elkarri eta garaipenari bostekoa eman diogu. Bertan, garaipenaren ikurra irudikatu dugu.