Garbikuntzako ordezkariak Madrilen elkarretaratu ziren probintzia hitzarmenaren defentsan

2012/02/03
Garbikuntzako ordezkariak Madrilen elkarretaratu ziren probintzia hitzarmenaren defentsan
Garbikuntza alorreko ehunen bat langile elkarretaratu ziren Madrilen estatu mailako mahai negoziatzailea biltzen zen bitartean. Gipuzkoa eta Bizkaiko ordezkariek lurraldetako lan hitzarmenak defendatu zituzten atzoko ekintza honen bitartez.

 

Irailean egin zuten lehenengo bilera, negoziazio-mahaia eratzekoa, helburu bati begira: garbikuntza-sektorearen estatu-esparruko lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzea. Bilera hartan ELAk bere desadostasuna agertu zuen negoziazio harekin, hurrengo argudio hauetan oinarrituz:

  1. ELAk ez du bere egiten estatuko esparrua.

  2. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako bakoitzak badu bere hitzarmena, garbikuntza-sektorearen lan-baldintzak arautzeko.

  3. Estatuko esparruak lurralde-negoziazioak hustu eta hutsaldu nahi ditu, eta sektoreko lan-baldintzak lorrindu.

Harez gero zenbait bilera egin da, eta haietan ELAk salatzen zuena gertatzen ari da. Azken bileran ASPEL estatuko patronalak hitzarmen-zirriborro bat aurkeztu zuen, non sektorearen negoziazio kolektiboa egituratzen zen, eta zenbait gai estatuko esparrurako gordetzen ziren.

Egiturari dagokionez, patronalak enpresa-hitzarmenak desagerrarazi nahi ditu. Garbikuntza-sektorea gehienbat azpikontrataturik dago; hori dela-eta, sektore publikoarekin parekatzeko dinamikak ugaldu dira azkenaldian. Aurrerantzean enpresa-hitzarmenak negoziatzerik ez badago, pikutara joango dira parekatzeko asmo guztiak; eta beraz azpikontratazioaren eskutik doan prekarietatea betiko finkatuko da.

Soilik estatuko esparrurako geratzen diren gaiei dagokienez, probintzia-hitzarmenak edukirik gabe geratuko dira, eta hala salatzen du ELAk. Estatu-esparruaren gai esklusiboen artean subrogazioa dago. Gai hori funtsezkoa da lanpostua gordetzeari begira, batez ere hain azpikontrataturik dagoen sektore horretan.

Galiziako CIG sindikatuko kideek ere bat egingo dute gurekin protesta-ekitaldi horretan.