Garraio publikoetako erasoak salatzeko elkarretaratzea

2014/12/19
Garraio publikoetako erasoak salatzeko elkarretaratzea
Gaur goizean, 10:30etatik 11:00ak arte, elkarretaratze bat egin du ELAk Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean garraio publikoko langileak jasatzen dituzten erasoak salatzeko.

Dagoeneko denok ondotxo dakigunez, erasoak eguneroko kontua dira garraio publikoan, eta garraioko langileok arazo horri aurre egin behar diogu egunez egun. ELAn ez gaude prest indarkeria-mota hori zigorrik ezarri gabe uzteko. Etsita gaude eraso fisikoak eta ahozkoak hain sarritan jasaten, gure osasunaren kaltetan doa-eta. Horregatik, ELAk, bere gaitzespena agertzeaz gain, salatu ere egiten ditu praktika txar horiek, gure lanpostuetan neurri handiago edo txikiago batean denok pairatu behar izan ditugunak.

Enpresek eta herri-erakundeek arazo horretan esku hartu behar dute, sektoreko langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan dago-eta.

ELAko Segurtasun eta Osasunaren Kabinetearen aldetik bilerak egin ditugu Bizkaiko bidaiarien garraio publikoko enpresetako prebentzio-ordezkariekin, eta enpresa batetik bestera aldeak daudela ikusi ahal izan dugu; dena dela, eraso fisikoak eta ahozkoak, gehiago edo gutxiago, enpresa guztietan gertatzen dira. Gure ustez, bai enpresek, bai administrazioak gehiago egin dezakete, sektore horretako langileen segurtasuna zaintzeko.

Egindako azterlana eta gero, erasoen arriskua (fisikoak eta ahozkoak) non dagoen zehazteko eskatuko diegu enpresei, ondoren arrisku hori balioetsi ahal izateko, eta egokitzat jotzen diren mekanismoak ezarri ahal izateko; beti ere erasoak desagerrarazteari edo gutxitzeari begira. Gaur egun zenbait enpresatan badaude metodoak eta protokoloak arrisku horri aurre egitearren, baina zoritxarrez askotan ez dabiltza edo ezin dira abiarazi, praktikoak edo errealistak ez direlako.

Edonola ere, ekimen horiek besterik gabe ez dira nahikoak izango. Gure iritziz, Administrazioa, zerbitzuaren bermatzailea den aldetik, eta gizartea, zerbitzuaren jasotzailea den aldetik, gehiago engaiatu behar dira, zein bere neurriaren mailan.

Administrazioak bere esku dagoen guztia jarri behar du arriskua gutxiagotzeko, eta bezeroekin harremanetan dabiltzan langileen egoera hobetzeko (gidariak, kontrolatzaileak, leihatiletakoak, USIak...). Horregatik eskatuko diogu Administrazioari esku hartzeko.

Gizartea, bere aldetik, jabetu behar da zerbitzuaren garrantziaz. Garraio publikoak herriak eta auzuneak lotzen ditu, ospitaleetara eramaten gaitu, ikastera eta lanera hurbiltzen gaitu... Beraz, gizarteak arretaz zaindu behar du zerbitzua, kalitatezkoa izan dadin. Langileenganako erasoak kontrako norabidetik doaz. Erasoak onartezinak dira, eta egunerokoak badira are onartezinagoak.