Gasteizko IDarteko plantilla egoera kritikoa dagoen bitartean, euskal administrazioak Bilbon kokatu berri den eskola pribatu bat bultzatzen ari dira

2021/05/28
Gasteizko IDarteko plantillak iragarri du bat egiten duela sindikatuek enplegu publikoa sendotzeko egiten ari diren mobilizazioekin. Zehazki, IDarteko langileak ekainaren 1eko lantokietako kontzentrazioetan eta 5eko manifestazioetan egongo dira. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarduera autoritarioa salatu dute; izan ere, ikastetxean langileek pairatzen duten muturreko prekarietatea salatuz eskegita zegoen pankarta bat kentzeko eskatu zuen mehatxupean. IDarten egoera kritikoa den bitartean, euskal administrazioak Bilbon kokatu berri den eskola pribatu bat bultzatzen ari dira, azpiegitura, marketina eta erakundeen laguntza eskainiz.

Arte eta Diseinuko Gradua eta Zikloa eskaintzen duen IDarte zentroak % 80 inguruko behin-behinekotasuna du. Eta Eusko Jaurlaritzak irtenbiderik jartzen ez badu, 7 urteren buruan % 95era irits daiteke, lan-kontratudun langile guztiek eta funtzionarioen erdiek erretiroa hartuko baitute: 2006tik ez da oposiziorik deitu.

Behin-behinekotasun maila horri gehitu behar zaio, arte eta diseinuko graduko eta goi-mailako zikloak eskaintzen dituen ikastetxe publikoa izan arren, Hezkuntza Sailak Bigarren Hezkuntzako egituran txertatuta daukala ikastetxea, eta horrek ondorio larriak dituela:

  • Unibertsitate-mailaren antzeko ikasketak eskaintzen ditu, Bigarren Hezkuntzara egokitutako instrumentazioarekin. Eta askotan dituztenak baino baliabide gutxiagorekin.
  • Baliabide administratiboak eta ekonomikoak behar dituzte prestakuntza espezifikoa eskuratzeko. Berritzeguneak, TKnikak eta Prest garak beste ikasketa mota batzuei eskaintzen dieten mailaren baliokidea eskatzen dute.
  • Gure hezkuntza-eskaintza zabaldu ahal izateko, beharrezkoa da irakasleek ikerketarako sarbidea izatea. Hori ezinezkoa da bigarren hezkuntzako 17/18 eskola-ordu aldi berean prestatu eta eman behar badira.
  • Baliabideak behar dituzte enpresekin eta erakundeekin akordioak lortzeko, proiektuak sortzeko eta lankidetza sustatzeko gaitasuna garatzeko. Lanbide Heziketaren edo Unibertsitatearen baliokidea.
  • Ezagutza eta esperientzia espezifikoa duten profesional adituak hornitzeko erraztasunak behar dira. Horrela, unibertsitateak bere langileez hornitzeko aukera balia dezan eskatzen dugu.