Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenean patronalak erreforma ezarri nahi du

2014/06/09
Gipuzkoako Metalaren bilera izan da gaur arratsaldean Donostian. Bberriz ikusi da zenbateraino dagoen patronala tematuta lan-erreformatik datozkion abantailak gordetzen.

Patronalaren helburu hori, hala ere, topo egiten du arazo handi batekin: ELA gero eta enpresa gehiagotan ari da lortzen lan-erreforma indargabetzen. Patronala lan-erreformaren aldeko sutsua den bitartean, hari elkarturiko enpresek, zeinek bere aldetik, erreformatik blindatutako hitzarmenak sinatzen dituzte. Patronal ultraliberal hori gero eta urrunago dago enpresetako gaur egungo egoeratik. Azken adibidea CAFen dugu, baina bilakaera hori Gipuzkoan geldiezina da, eta laster batean gure industria lan-erreformatik kanpo geratuko da.

ELAk salatzen du, bide batez, CCOOen eta UGTren jokabidea; sindikatu horiek Gipuzkoako hitzarmenaren alde daudela diote, baina aldi berean Estatu-mailako Metal Hitzarmen bat negoziatzen dute Madrilen, hego Euskal Herriko hitzarmenak edukirik gabe utziko dituena. Sindikalismo etsikor eta desmobilizatzaile hori eragozpen bat da metalgile guztientzat.

ELAk lan-erreformari buruz egin zuen interpretazioa zuzena izan zen. Ikusi besterik ez dago orain nola LABek, CCOOek eta UGTk enpresa-hitzarmen blindatuak bultzatzen dituzten. Bi urtez demagogia egiten egon ondoren, azkenean langileek behartu dituzte patronalaren alde baino ez zegoen jokabide hura baztertzera. Sindikalismoak aurre egin behar du enpresetan, pose mediatikoek eta erdizkako egiek ez dute inoiz hitzarmen on bat lortu.