Gipuzkoako papergintza alorreko greba hasi da gaur
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen oharra:
Berriz ere behartu gaituzte Gipuzkoako papergintzako langileok kalera ateratzera. Borroka honetan denei ari gara aurre egiten:
-
Inposatu dizkiguten erreforma laboralei; hauen ondorioz, behar-beharrezkoa da negoziazio kolektiboa berriz asmatzea, gure eskubide eta interesak defenditzeko.
-
Enpresa aseezinak ere aurrez-aurre ditugu. Nahiz eta milioiak irabazi, paper fabriketako lana gero eta prekarioagoa egiten dute. Borroka honetan batzen gaituenaz gainera, guztiok dakigu etekinak gehitzeko zein estrategia erabiltzen duten. Gure plantillak gero eta txikiagoak dira; aldi berean, azpikontratazioa hazten ari da, eta horrekin batera, zatiketa eta prekaritatea.
-
ADEGI ere hor dugu, estatuko patronalik erreakzionarioena. Ustez “berria” den lan-harremanen eredu bat saltzen ari da, baina helburu bakarra du, gaur hemen gertatzen ari dena ez gertatzea; patronalak nahi du esplotatzen ari den jendea ez antolatzea, bere eskubideen alde ez borrokatzea. Beraz, estrategia horrek berritik ez dauka ezer.
Gainera, ADEGIk beste urrats bat egin du: borroka kriminalizatu nahi du. Nonbait ez dira nahikoak oparitu dizkioten erreforma laboralak. Lan Zuzenbideaz ez du ezer entzun ere egin nahi. Greba-eskubidea traba da beretzat, eta horregatik demandak sartzen ditu. Negoziazio-mahaiean lortzen ez duena, asanbleetara bidaltzen dituen infiltratuekin lortzen ez duena, auzitegian irabazi nahi du. Negoziazio kolektiboa defenditzeko era ederra! Hemendik argi esaten diogu BORROKA HORI ERE GALDU EGINGO DUZUE.
Langileok jabetu gara hitzarmen hau zein garrantzitsua den. Noski, soldata igoera duinak eskatzen ditugu, KPIaren erreferentzia hartuta, enpresen irabazi handien tamainakoak. Baina hitzarmen honetan benetan axola zaiguna da erreforma laboralak gure enpresetatik kanpo uztea. Oinarri-oinarrizko zerbait eskatzen dugu: SINATZEN DENA BETETZEA. Horri esaten diogu “blindajea”. Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmena derrigor bete beharrekoa izatea nahi dugu. NONSTOP akordioak ere derrigorrezkoak izatea. Bestela, zertarako dugu Negoziazio Kolektiboa?
Borroka gogorra da; beti izan da, eta izango da. Baina borrokatzeak merezi du. Inoiz ez digute ezer oparitu. Beste belaunaldi batzuk borrokaren bidez lortu zutena guk defenditu behar dugu. Horregatik gaur egun handia da Gipuzkoako papergileontzat. Greba izan da utzi diguten bide bakarra, eta arrakasta izan du. Paper fabrika guztiak geldirik daude. Ia langile guztiok grebarekin bat egin dugu. Enpresarioek kontutan izan beharko dute hau. ADEGIren estrategiari jarraituko diote, gure Hitzarmena bahitzea? Euren txanda da.