Gizarte ekimenean deitutako asteko lehen greba egunak jarraipen oso zabala izan du

2019/04/01
ELAk gatazkari irtenbidea emateko neurriak har ditzatela eskatzen die Patronalei eta Hezkuntza Sailari, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak eman eta akordioak erdiestea ahalbideratuz.

Sindikatu deitzaileen agiri bateratua:

Azken bi ikasturtetan sektorean gauzatu den 22. greba eguna da hau eta aurreko greba egunekin gertatu den bezala, gaur ere jarraipena oso zabala izan da, aurrekoen antzekoa. Bilboko manifestazioan 4.000 langile inguru elkartu gara, greben helburu diren aldarrikapenekiko langileen atxekipenaren eta ikastetxeetan bizi dugun egoera tamalgarriaren erakusgarri.

Izan ere, sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), feminizatuenak direnak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Gatazkari irtenbidea emateko ardura eta aukera duten hezkuntza sailak eta patronalek inolako fundamenturik gabe behin eta berriro diotenaren kontra, grebaren helburuak argiak eta aski ezagunak dira, sektore honetako langileen lan baldintzak berreskuratu eta hobetzea, alegia. Hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den eta gure ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.

Urtarrileko 8 greba egunen ostean eta martxoko greba egunen aurretik sindikatuok Kristau Eskola, sektoreko patronal nagusiarekin, izandako aldebiko bileretan, adostasunak erdiesteko aukera eman zezaketen zenbait planteamendu egiteko prest agertu zen patronala. Tamalez, eta zergatiak ezagutzen ez baditugu ere, patronalak atzerapauso nabariak eman ditu, eta azkeneko negoziazio-mahaira ekarritako eduki eta planteamenduek adostasunak erdiestea zailtzen dute.

Proposamen hau definitibo eta behin betiko gisa aurkeztu arren, sindikatuok negoziaketara erabat irekita jarraitzen dugu, patronalak akordio puntuak non dauden badaki, idatziz ere helarazi diogun dokumentu batean jasotzen den bezala, eta beraz planteamendu horietan sakontzeko eskatzen diogu.

Hezkuntza sailak ere ardura dauka sektore honetako langileen lan baldintzekiko eta eskaintzen den hezkuntza kalitatearekiko, gatazkaren irtenbidean inplikatu eta ardura hau bere gain hartzea eskatzen diogu beraz, ardura hori bere gainetik kentzeko saikerak albo batera utziz behingoz. Gatazkaren irtenbidea ez du zerbitzu minimoen handitzeak ekarriko, ez eta bere inplikazioa debideratzeko asmoz gatazka lan sailera bideratzeko saiakerak ere.

Langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko ardura patronal eta hezkuntza sailak dute, eta horregatik, ELA, STEILAS,CCOO, LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Hezkuntza sailari eskatzen diegu bakoitzak dagokien ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako greba egunak babestera eta antolatu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:

Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

Eroste-ahalmena berreskuratzea.

1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.

Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea.

Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte

Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.