Gizarte Ekimeneko itunpeko zentroak eta ikastolak osasun krisia baliatzen ari dira langile prekarioenen lan baldintzak are gehiago okertzeko

2020/04/24
ELAk salatu du Gizarte Ekimeneko eta Ikastoletako itunpeko ikastetxe ugarik aurkeztu dituztela azken hilabetean ERTEak ezinbesteko arrazoiengatik, COVID-19an oinarrituta. ERTE horien eraginpeko langile gehienak administrariak, mantentze-lanetako eta garbiketako langileak, autobusetako monitoreak, jantokietako langileak eta 0-3 urtekoekin dabiltzan langileak izan dira. ELAk langile horien lan-baldintzei eutsiko dieten akordioak negoziatzeko eta bultzatzeko eskatu die zentroetako zuzendaritzei eta sektoreko patronalei. Alde horretatik, sindikatuak kasuz kasu jardungo du, eta neurri egokiak hartuko ditu osasun krisia ez dadin baliatu baldintzak kaskartzeko.

Ikastetxe batzuk ERTEak aplikatzeko erabakia hartu arren, eragindako langileen lan baldintzak mantentzeko neurriak hartu eta adostu dituzte. Beste batzuk ordea, ERTEak langileen lan baldintzak murriztuz aplikatzeko hautua egin dute, langile hauen lan kontratuak eteteak suposatzen duen soldata eta opor egunen zein aparteko ordainsariaren galerarekin.

Ikastetxe hauen egoera ekonomikoa zein ERTEek eragindako langile kopuruak zein lan baldintzak aztertuta, erabat bideragarria litzateke langile hauen baldintzak errespetatu eta mantentzera bideratutako neurriak adostea. Hainbat ikastetxeetako zuzendaritzek beraiek aitortu diete langileen ordezkariei ez luketela neurri horiek hartzeko arazo ekonomikorik izango. Halere, alde bakarrez eta langileen ordezkarien desadostasunarekin, langileen lan baldintzak kaskartzen dituzten baldintzetan ERTEak aurkeztea erabaki dute.

Zenbait ikastetxe izaten ari diren jokabidea are larriagoa ere bada, izan ere kolektibo batzuen lan baldintzak murrizten dituzten ERTEak aplikatu baitituzte, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik kostu horri aurre egiteko finantziaketa jasotzen jarraitzen duten arren. Hau da, ikastetxe batzuk gainera irabaziak ere izango dituzte langileen lan baldintzen murrizketaren kontura.

Onartezina da, finantziaketa publikoa zein familien kuotak jasotzen dituzten eta gure hezkuntza sistema osatzen duten ikastetxe batzuk osasun krisi egoera hau probestu nahi izatea baldintzarik kaskarrenak dituzten langileen baldintzak oraindik eta gehiago kaskartzeko, hau ekiditeko neurriak hartzea posible izanda. Are larriagoa, lan baldintzen murrizketa horren lepora gainera irabaziak izatea.