Gizarte Segurantzak 61 urterekin erretiro-pentsioa jasotzeko aukera emango du

2014/09/03
ELAk uste du Gizarte-Segurantzarekiko itun berezi bat duten pertsonei erretiro-pentsioa jasotzeko aukera eragotzi eta areago garestitzeko erabakian Rajoyren gobernuak atzera egin izana urrats egokia dela. Aipatutako erabakia espainiar estatuan pentsioak jaisteko azken urteetan aplikatzen ari den politikaren baitan zetorren.

Esparru honetan hainbat erreforma ezarri da, beti helburu berarekin: pentsio berriak murriztea eta pentsiodunek erosteko ahalmenari eusteko eskubidea ezabatzea. Erreforma hauen adibide izan zen CCOOek eta UGTk Zapaterorekin adostu zuten atzerapena, batetik erretiro adina 67 urtetan finkatuz eta erretiro aurreratua atzeratuz. Izan ere, erreforma horixe dago Gizarte-Segurantzarekin itun berezia duten pertsonen kolektiboaren inguruan sortu den arazoaren erroan.

ELAk eskatzen du azken urteotan pentsioetan ezarri diren murrizpen guztiak bertan behera gera daitezela, eta berma dadila pentsiodunek bizimodu duina izateko aukera, hau gaur ez baita sarritan betetzen.