M17 GREBA OROKORRA

Gizartearen aldarriak Gobernuak eta patronalak behartu behar ditu LGS propioa ezartzera

2026/03/18
Gizartearen aldarriak Gobernuak eta patronalak behartu behar ditu LGS propioa ezartzera
125.000 lagun baino gehiago atera ziren kalera eguerdiko sei manifestazioetan eta hamarna mila gehiago arratsaldean egindako 85 manifestazioetan.  Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal gizarteak ez duela amore emango 1.500 euroren aldarrikapenean. ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17 ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.

Martxoaren 17ko greba orokorra euskal langile klasearen indar erakustaldia izan da, eta hala azpimarratu dute sindikatu deitzaileek  (ELA, LAB, Steilas, Etxalde, Hiru) gaur Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan. Duela urtebete baino gehiago jarri zen martxan hemengo errealitateari egokitutako gutxieneko soldata baten aldeko dinamika, hiru arrazoiengatik: 

1) Estatuko LGS ez da nahikoa elikaduraren, elektrizitatearen eta etxebizitzaren prezioei aurre egiteko. 

2) Gutxieneko soldata igotzea soldata-arrakala matxista eta arrazistaren kontrako neurria da. 

3) Tinko jarri behar da soldaten debaluazioaren aurrean, enplegu industrialaren galeraren aurrean eta inoizko irabazirik handienak lortzen ari den patronalaren aurrean.

Gutxieneko soldata propioa neurri beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria da. Patronalak eta gobernuek sindikatuen ekimena mespretxatu zuten, eta abian jarritako bi bideak ixtea adostu zuten: negoziazio kolektiboarena eta bide politikoa. Bada, M17ari esker, bi bideak berriro ireki dira.

 Grebaren bidez, euskal gizarteak irmotasunez defendatu du gutxieneko soldata propioaren aldarrikapena, eta sindikatu deitzaileek honela azpimarratu dute: "Gaur atzo baino indartsuago gaude, eta bai alderdi politikoak, bai patronalak, horretaz ohartu dira. Ez gara geratuko helburua lortu arte". Era berean, sindikatuek gogorarazi dute bide politikoak irekita daudela, hemengo parlamentuetan zein Madrilgo Kongresuan. Langileen Estatutuaren 27.artikulua aldatzeko aukerak badaude, greba orokorraren ondoren inoiz baino irekiago dago bidea. 

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baita alderdi politiko guztiek ere, beharrezko lege-aldaketa bultzatu behar dute bi gobernuek eskumena eskuratu dezaten estatukoa baino handiagoa den gutxieneko soldata arautzeko. Hego Euskal Herriko erakundeek langileen bizi- eta lan-baldintzen inguruan erabakitzeko duten ahalmena handitu behar da. Nafarroako Parlamentuak proposamen hori hiru botogatik atzera bota bazuen ere (PSNk eta Izquierda-Ezkerrak, PP-Voxekin batera, aurka bozkatuta), arlo guztietan tematzen jarraituko dute sindikatuek euren ekimenak aurrera egin dezan. Epe laburrean, egungo gobernuaren inbestidura ahalbidetu zuten hainbat alderdi politikoren eskutik Espainiako Kongresuan lege-proposamen bat aurkeztea aurreikusten dute.

Gainera, Confebask eta CEN patronalekin negoziazioak paraleloan izan beharko dira, eta horretarako bilerak deituta daude (martxoaren 24an eta 25ean; langileentzat 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko). 

Greba orokorraren arrakasta

Greba orokorraren arrakasta neurtu daiteke lortu duen aktibazio sindikal eta sozialaren arabera: 1.700 enpresa batzorderen atxikimendua; ehunka asanblada lantokietan; 136 greba-batzorde herri eta auzoetan; 125.000 lagun baino gehiago eguerdiko sei manifestazioetan eta hamarna mila gehiago arratsaldean egindako 85 manifestazioetan.  

Gainera, azpimarratzekoa da izan duen eragin mediatikoa, sozial eta politikoa. M17 ez da egun arrunta izan. Euskal langile klasearen ahotsa entzun da lantokietan eta kalean. Gutxieneko soldata propioa eta, oro har, aberastasunaren banaketa eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatu dira.