Gobernu Espainolak aurrera jarraitzen du zerbitzu publikoetan murrizketak egiten eta enplegua suntsitzen.
Gaur bilera egin da Estatuko Administrazio Publikoetako Mahai Orokorrean, bertan izan da ELA ere.Beste aukera bat izan dugu gobernuaren inposizioa, elkarrizketa sozialaren eraginkortasunik eza eta mobilizazioaren beharra ikusteko. Gobernu Espainolak proposamen bat egin du hauteskunde orokorrei begira, baina badaki murrizketa gehiago egiteko konpromisoa hartu duela Europarekin. Datu bat ematearren, Gobernu Espainolak defizit publikoa murriztu nahi du BPGaren %1,4raino 2017an, 30.000 milioi euro inguru; gainera, jaitsiera fiskalak ere iragarri dituzte; beraz, hauteskundeen ondotik murrizketa gogorrak egin beharko dituzte. Eta horrek eragin zuzena izango du herri-langileen lan-baldintzetan.
Bost urtetan murrizketa basatiak egiten ibili eta gero, hauteskundeei begirako keinu lotsati batzuk eginez ―soldatak %1ean igoz―, Gobernu Espainolaren asmoa ezkutatu nahi da: zerbitzu eta enplegu publikoa argalduz, pribatizatuz eta prekarizatuz jarraitzea.Estatu Espainolean, 2011tik 2016ra, milioi erdi baino zuzeneko enplegu publiko gehiago suntsitu dira.
Halaber, Gobernu Espainola oinarrizko legeriaz baliatu da berriro, Hego Euskal Herriko administrazioetako baldintzak negoziatzeko ahalmena eragozteko.
ELAtik gogoratu diogu gobernuari administrazio publikoetako enplegatuek 2010etik hona eroste-ahalmenaren % 20 galdu dutela, lanaldi luzeagoa dutela, eta lan-eskubide murritzagoak dituztela. Gobernu Espainolak herri-langileekiko duen zorra itzela da oraindik; baina, hala ere, bere lasterketa austerizida horretan jarraitzen du.
Beraz, ELAtik exijitu diogu Gobernu Espainolari lan-baldintzak gure esparruan erabakitzeko eskubidea aitortzea Hego Euskal Herriko administrazioetan diharduten herri-langileei.
ELAk salatu du, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuak, izan direla orain arte Montororen aginduen betetzailerik esanekoenak edo onenak.Sekula ez dira prest egon ELAren proposamenak esploratzera. Guk autonomia kolektiboaren benetako defentsa eskatzen dugu, eta baita gure lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea ere. EAEko eta Nafarroako gobernuek Madrili egozten diote erantzukizuna, baina haiena izan da, bete-betean, posizio politikorik eza lan-harremanen esparruaren aldeko defentsan. Egia esan, Madril aitzakia bikaina izan da, hemengo gobernuek egin nahi zituzten murrizketak egiteko eta zuritzeko.
ELAk galdegiten die bi gobernuei, foru-aldundiei eta udalei zein bere erabaki-esparruaren alde agertzeko, eta Gobernu Espainolaren jarraibideak ez betetzeko. Eta beraz orain arte suntsitu den enplegu guztia berreskuratzeko, 35 orduko lanaldia, eroste-ahalmena eta azken urteotan kendutako lan- eta gizarte-eskubide guztiak berreskuratzeko. Gure botere publikoek erabaki behar dute zer izan nahi duten: politika antisozialen transmisio-uhalak, azken urteotan izan diren bezala, edo, aitzitik, ordezkatzen omen duten gizartearen garapenaren eta kohesioaren eragileak.
Azkenik, dei egiten diegu langileei mobilizazioan jarraitzeko; ez dugu beste biderik, kendu dizkiguten enplegua eta baldintza sozio-laboralak berreskuratu nahi baditugu.