Greba arrakastatsua Hezkuntzako sukalde eta garbiketa sektorean

2022/11/23
ELAk deitutako bi greba-egunetatik lehenengoak jarraipen zabala izan du Hezkuntzako sukalde eta garbiketa sektorean. Besteak beste, Azkoitiko, Sodupeko, Balmasedako eta Azpeitiko ikastetxeetako sukaldeetan eta Ordiziako garbiketan lanuztea erabatekoa da. Plantillek Sendotze Bermeko LEPa eskatzen dute, eta lehenengo egunetik ordezkapenak egitea. Gaur, sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute Donostiako Ordezkaritzaren aurrean. Bihar, Bilbon, 11: 30ean, elkarretaratzea egingo da Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Sukalde eta Garbikuntza sektoreak 2022 urte honetan zehar mobilizazio gaitasun handia erakutsi du, kontsolidazio EPE bermatzaile baten eta lan baldintzen defentsan. Hemen kokatzen dira martxoan eta maiatzean eginiko 8 eguneko grebak, sektorerako mugarriak izan zirenak. Gaur eta bihar egingo direnekin batera, 2022 urte honetan guztira 10 greba egun egingo dituzte sektore honetan.

Grebek EPEan eskaini den lanpostu kopuruan eragitea lortu dute, eta ELAtik eskatzen genuen kopurura iritsi ez badira ere, greben eraginez eskainitako azken lanpostu kopurua gehitu da. Aldiz, kontsolidazio EPEaren oinarrietan egoera ez da nahi duguna. Pasaden astean mahai negoziatzailean aurkeztu zizkiguten oinarriek kolokan jartzen dute sektore honetan antzinatasun handia duten pertsonen kontsolidazioa.

Gogora ekarriz, sukalde eta garbiketa zerbitzu hauek %90ean pribatizatuta dituela Hezkuntza Sailak, eta pribatizatu gabeko zerbitzuen %10 ematen duten langileak %70ean behin behinekoak direla. ELAk argi dauka pribatizazioari ateak ixteko eta hainbat urtez behin behinean lanean jardun duten langile hauek, emakumeak gehien gehienak, kontsolidatzeko unea orain dela.

Honi, gure eskola publikoetako sukaldari eta garbitzaileak ez direla ordezkatzen edo oso berandu ordezkatzen direla gehitzen zaio, honek gainerako lankideentzat dakarren gain lan kargarekin.