Greba Bizkaiko autoeskoletan ekainaren 8an eta 10ean

2021/05/21
ELAk eta CCOOk, Bizkaiko autoeskoletan % 100eko ordezkaritza izanik, greba deitu dute ekainaren 8an eta 10ean. Duela 11 urtetik hona amaitutako hitzarmen bat berritzea, sektoreko lan-baldintzak erregularizatzea eta dauden genero-arrailekin amaitzea aldarrikatzen dute; azken batean, autoeskoletako langileen lan-baldintza eskasak erregularizatzea eta hobetzea.

Bizkaiko Autoeskolen azken lan hitzarmena 2009an sinatu zen. Berez 2010eko abenduaren 31era arte iraun behar zuenez, sektoreko beharginei duela 11 urtetik hona ez zaie hitzarmena eguneratu, ez eta baldintzak hobetu ere.

Urteotan matrikulen prezioa jaitsi egin da, sektoreko langileen baldintzen eta jornalen kontura.

Hamaika urtez soldata taulak eguneratu ez izanak ekarri du langileen soldaten banakako negoziaketa, eta, horrenbestez, soldata- eta lan-baldintzak atomizatu egin dira, batik bat irakasleen kolektiboan.

Ia autoeskola guztietan irakasleei hitzarmenean ezarritako soldata ofizialaz gaindiko beste ordainketa batzuk egiten zaizkie, modu irregularrean. Irakasle ez direnek, berriz -gehienbat administrariak, oso kolektibo feminizatua- hilean nekez irabazten dituzte 1.000 euro gordin (kategoria batzuetako ordainsaria LGS parean dago, kontzeptu guztiak batuta). Gainera, irakasleek astean 35 orduko lanaldia duten bitartean, beste langileek 40 ordukoa dute.

Horri erantsi behar zaio ordutegiak asko luzatzen direla, gaueko 9etatik haratago, eguneko lanaldia 11 ordukoa izatera iritsi daiteke, eta larunbatak barne dira maiz.

Azken zazpi hilabeteetan sektoreko sindikatuok eta patronalak gutxienez 9 bilera izan ditugu hitzarmenari buruz. Hitzarmena egungo jurisprudentzia eta legediari egokitzeaz gain eta lan erreformaren aurkako klausulak jasotzeaz gain, sindikatuok aurrerapausoak galdegiten ditugu, batez ere 3 kontutan:

  • soldata-taulak finkatzea sektoreko ordainsariak erregularizatzeko.
  • lanaldiaren murrizketa eta soldata igoera dagoen genero arrakala gainditzeko, eta ordutegien arrazionalizazioa.
  • sektore honetan adina arrisku-faktore bat izan daitekeenez, garrantzitsua deritzogu erretiro aurreratua arautzea, lantaldea gaztetzeko.