Greba egunaren bezperan akordioa Gasteizko Mercedes-Benz-eko logistika garraio enpresan

2015/06/10
2015eko ekainaren 2an ELA-ordezkariek greba mugagaberako deialdia erregistratu zuten. Grebaren hasiera gaur, asteazkena, ekainak 10, izan behar zen Duvenbeck enpresaren Gasteizko lantegian, baina akordioa lortu da azken unean. Multinazional horrek garraio eta logistika-zerbitzuak ematen dizkio Mercedes-Benz-i.

Zuzendaritzarekin izandako bileren ondorioz akordio bat lortu da. Akordio horretan plantillaren eskakizun nagusiak jaso dira, eta beraz greba-deialdia bertan behera utzi da. Lorturiko akordioak hurrengo puntu hauek jaso ditu:

  • Akordioaren indarraldia: aurrera-eragin mugagabea.

  • Soldatak parekatzea: orain arteko soldata-eskala bikoitza kendu, eta langile guztiek, bidaia bakoitzeko, 10 euroko plus finkagarri bat, ez xurgagarria, jasoko dute, 420 eta 460 euro gordin bitartekoa hilean. Diru-kopuru horiek gorantz aldatuko dira aurreko urteko KPIren arabera.

  • Osagarria, larunbatetan lan egiteagatik: aparteko konpentsazio bat adostu da, lan egindako larunbat bakoitzeko, 140 euro gordin. Era berean, diru-kopuru hori gorantz aldatuko da aurreko urteko KPIren arabera.

  • Lanaldiaren malgutasuna mugatzea: UGTko lehengo ordezkaritzarekin itundutako ordu-poltsa kendu, eta legez ezarrita dagoen lanaldiaren gehieneko banaketa irregularra erregulatzea.

  • Eguneko gutxieneko lanaldia: Eguneko lanaldia 8 ordutik behera zenbatzeari uztea. Zenbatu beharreko eta konpentsatu beharreko eguneko gutxieneko lanaldia 8 ordukoa izango da. Gainera, 8 ordu horiez gaindi dagoen denbora aparteko ordu gisa, edo horren zati proportzional moduan, konpentsatuko da, eta hurrengo hilabetearen nominarekin batera ordainduko da.

Lorturiko akordioa erreferentzia bat izango da Arabako garraio-enpresetarako, eta plantillako 17 langileen batasunaren eta erabakitasunaren ondorio izan da. Ondo agerian geratu da ez dagoela enpresa txikirik lan-baldintzak hobetzeko helburuari uko egin behar dionik. Eta bide horretan ELA bezalako erreibindikazio-sindikatu bat bidelagunik onena da.