Greba mugagabea Bilboko Arte Ederren Museoan
Langileek euren lan baldintza kaskarrak salatu nahi izan dituzte Bilbon egindako agerraldian; asko jota azpikontratako honetako behargin batek hilean 880 euro jasotzen ditu. Langile guztiek, bakar batek izan ezik, lanaldi partziala dute, eta astelehenetik igandera bitartean egin behar izaten dute lan. Gainera ez dute subrogazio eskubidea aitortuta.
Greba mugagabea gaur hasi izana ez da kasualitatea. Izan ere gaur bertan “hiperrealismoaren” inguruko erakusketa bat zen hastekoa. Prekarietate gordinenean bizi diren langile hauek salatzen dutenez, “Museoan dagoen gauzarik agerikoena, hain justu, prekarietatearen hiperrealismoa da. Eta egoera honek erantzuleak ditu: Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eurak baitira gure lan-baldintzak konkurtsora ateratzen direnean baldintzak ezartzearen arduradunak”.