Vicarli Handling

Greba zapuzteko zuzendaritzaren trikimailuak salatu dituzte

2023/03/29
Bihartik hasita bost greba egun daude deituta lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat lortzeko. Negoziatu ordez, Vicarli enpresak Solidus Videcart enpresarekin kontratua eten du, eta bertan lan egiten duten 8 langile kaleratzeko arriskuan daudela dio, nahiz eta enpresak lan karga handia izan.

Vicarli Handling enpresan 130 pertsona inguruk egiten dute lan (aldi baterako kontratua dutenak eta behin betiko kontratua dutenak kontuan hartuta). Horiez gain, ABLEen bidez kontratatutako hainbat langile dago. Logistika lanetan aritzen dira 12 lantokitan, horien artean Solidus Videcart lantokian.

Enpresako Hitzarmen Kolektiboa berritzeko negoziatzen hilabeteak eman ondoren, ELAko 5 ordezkarik, LABeko 2k, CCOOko 1ek eta UGTko 1ek osatutako Batzordeak martxoaren 20an bost greba egun deitzea erabaki zuen. Greba martxoaren 30ean eta 31n eta apirilaren 3an, 4an eta 5ean egingo da.

Joan den ostiralean, martxoaren 24an, Vicarli Handlingek langileei jakinarazi zien zerbitzuak ematen dituen zentroetako batekin, Solidus Videcart enpresarekin, kontratua eten behar zuela. Harrezkero, 8 pertsona daude etxean ordaindutako baimenarekin, eta enpresaren arabera, kaleratuak izateko arriskuarekin, nahiz eta Vicarli Handlingek lan egiten duen gainerako zentroetan lan karga handia izan. Are gehiago, gaur Vicarli Handling-en sartu dira lanean ABLEen kontratazio berriak.

Trikimailu hau Vicarli Handling eta Solidus Videcart enpresek langileak beldurtzeko antolatu dute, hilaren 30ean hasten den grebak eraginik ez izateko.

Mobilizazioa beharrezkoa da lan baldintzak hobetzeko eta eskubideak defendatzeko, are gehiago horrelako trikimailuen eta presioen aurrean.