Haurreskolak, kalitatezkoak, unibertsalak eta doakoak
Haurreskolak Partzuergoko plazak direla eta, Legebiltzarrean eman berria den eztabaidaren aurrean ELA sindikatuak zera dio:
Haurreskolak Partzuergokak dituen 8.100 plazatik 6.500 bakarrik beteta egotea ez da harritzekoa kontuan hartzen badugu gaur egungo Krisia eta Hezkuntza Sailak beraiek indartzeko egiten duen ahalegin eskasa.
Krisi garai honetan, 5 ordu baino gehiago dagoen haurraren familiak 208 € ordaindu behar izatea, ez dago gaur egun edozein familiaren esku.
Gogoratu beharrean gaude gainera azken hamarkadetako datuen baitan, Eusko Jaurlaritzak, herrialde garatuenen bataz-bestekoa baina bere aurrekontuaren portzentajearen 1,8 puntu gutxiago bideratzen dituela hezkuntzara, hau da, proportzioan 640 milioi euro inguru gutxiago, Europako herrialde garatuenengandik oso urrun. Eta abiapuntua hau izanik, azken hiru urtetan ia 400 milioi euroko murrizketa jasan du hezkuntza aurrekontuak.
Gure hezkuntza-sistemak hutsune handia dauka 0 eta 2 urte bitarteko tartean, eta murrizketak areagotu egin dute. Gure herrian, ez dago bermatua (oraindik!) 0-2 urte arteko haurren heziketa, eta unibertsala eta doakoa izatetik oso urruti dago. Baliabide gutxi bideratzen da adin-tarte horretako hezkuntzarako, eta ez dira inondik ere nahikoa benetako hezkuntza-proiektu bat garatzeko. Azkenaldian, besteak beste ordezkapenak gutxitu egin, lan-kargak igo dira edo soldata bat bahitu digute.
ELAk ez du inolako murrizketarik onartzen. Are gutxiago, une honetan matrikulazio arazorik ez duten Gasteizko hiru haurreskolak Eusko Jaurlaritzak ixteko duen asmoa. Plazei buruzko datua ateratzea haurreskolak ixteko, lanpostuak suntsitzeko eta zerbitzua murrizteko aitzakia besterik ez da.
Badaude alternatibak borondate politikorik badago eta 0-2 hezkuntzak, esan bezala, ez du inolako murrizketarik behar, guztiz bestela inbertsio askoz handiagoa, haurreskola gehiago, langile gehiago, lan baldintza hobeak eta baliabide gehiago behar ditu. Hori da, behin eta berriro, ELAk eskatzen duena eta eskaera horretan jarraituko du