Haurreskoletako langileen ordezkaritzak Partzuergoari txantajeak alde batera utzi eta birratxikipenak martxan jartzeko exijitzen dio

2012/03/14
Haurreskolak Partzuergoan azken birratxikipen prozesua (lekualdatze lehiaketa) egin zenetik jada bi urte pasa dira. Ondorioz langile asko dago bere etxetik urrun lanean, lanpostuak eta langileen bizilekua modu irrazionalean banatuta, honek dakartzan desplazamendu arazo, eta arriskuekin.

Haurreskolak Partzuergoak birratxikipenak egiteko borondatea baduela esan arren, Zuzendaritza Batzordearen esku uzten du erabakia, eta bi urteren ondoren oraindik ez da prozesurik martxan jarri. Are gehiago, langileen eskubidea eta guztiz zentzuzkoa den erabaki hau murrizketak onartzearen truk martxan jartzearekin egiten du txantaia.

Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun hiru sindikatuok, LAB, EILAS eta  ELA sindikatuok, guztiz onartezina deritzogu zuzendaritzaren txantajea eta jarrera eta langileen eskubidea den eta haurreskolen funtzionamendua hobetzen duen neurri hau berehala abian jar dezala exijitzen diogu.

Haurreskolak Partzuergoaren zuzendaritzak martxoaren 15ean Lakuan bilera duela kontutan izanik, langileen ordezkaritza osoa dugun sindikatuok elkarretaratzea egingo dugu 11:30etan Lakuan. egoera tamalgarri hau salatu eta BIRRATXIKIPENA ORAIN!! eskatzeko.