Hego Euskal Herriko Hezkuntza Publikoko gehiengo sindikalak -LAB, STEILAS eta ELA- bat egiten du urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren deialdiarekin

2020/01/22
Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eginiko greba orokorraren deialdia dela eta, EAEko Hezkuntza Publikoan ia %90eko ordezkaritzaz gehiengo sindikala osatzen duten LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek ere bat egiten dute lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko aldarriarekin. Beste aldetik, Nafarroako Hezkuntza Publikoan ere LAB, ELA eta STEILAS-en aldeko bozka eta Afapnaren abstentzioarekin aurrera atera Irakasle Batzordean grebarako atxikipena

Hori dela eta, Hego Euskal Herriko hezkuntza sistemako sektore guztietako langileei (irakasle, hezitzaile, sukaldari zein garbitzaileei) grebara batu, beraren arrazoien difusioan aktiboak izan eta greba-dinamika zein honen inguruko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diete. Batetik, pentsioena denon afera delako, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena. Bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka zein kalitatezko zerbitzu publikoena eta bereziki hezkuntza publikoaren garapena ezinbesteko erronka delako, eta, azkenik, eskubide sozialak bermatu behar direlako.

Horregatik, grebari atxikimendua emanez, azken urteetako erreformak eta murrizketak atzean utzi eta soldata zein pentsio duinak, kalitatezko enplegua eta eskubide sozialak hemen erabakitzea exijitzen dute.