Hezkuntza arloko lan baldintzak adosteko mahaia osatzeko eskatu dio ELAk Jaurlaritzari

2022/09/20
Hezkuntza Legearen aurreproiektuari ekarpenak egingo dizkio ELAk. Besteak beste,lan baldintzen parekatzea, euskarazko murgiltze eredua, euskal kurrikuluma eta segregazioa murrizteko neurri zehatzak eskatuko ditu

Jaurlaritzak aurkeztutako Hezkuntza Legearen aurreproiektuari alegazioak aurkeztuko dizkio ELAk lan baldintza egokiak eta Euskal Eskola publiko burujabea eta inklusiboa eraikitzeko trantsizio neurriak jaso ditzan. Era berean, sindikatuen eskaerak bideratzeko eta adostasunak lantzeko, lan baldintzei buruzko mahaia osatzea proposatuko dio ELAk Jaurlaritzari.

Hona hemen, legearen hutsuneak aztertuta, sindikatuaren eskaera nagusiak:

1- Lan baldintzei begira:

  • Sindikatuen parte hartzea bermatu behar da, norberaren ordezkaritza errespetuz.

  • Egonkortasuna sistema publikoa: Hezkuntza publikoan behin-behinekotasuna 3 urtean %8tik behera kokatzeko ibilbide zehatz bat adostu behar da.

  • Langileen birkokapen akordioa bete itunpekoan.

  • Sistema publiko eta itunpekoen arteko lan baldintzen parekatzea eta hobetzea 5 urtean.

  • Lanpostuak ugaritu behar dira kalitate handiagoko hezkuntza lortzeko.

  • Langileen hautaketa sistema berrikustea: EPE eredu berri baterako trantsizioa adostu behar da.

  • Itunpekoan kontratazioaren gardentasuna bermatu: Itundutako eskolen lan eskaintza guztiak eta hautagaien merituak publiko egiteko webgunea osatu behar da.

2- Hezkuntza ereduren eraldaketarako:

  • Kurrikulum berria: Legeak jaso behar du kurrikuluma erabakitzeko eskumena EAEn egon behar duela, eta aurreikusi kurrikulum hori sortzeko prozesu parte hartzailea egongo dela. Gainera, erlijio konfesionala ordezkatu behar da munduko sineskera eta erlijioen ezagutza zientifikoagatik, eta Euskal Herriak izan behar du marko erreferentziala. Azkenik, adostutako kurrikuluma Espainiako Gobernuaren aurrean defendatzeko akordio soziopolitiko bat beharko da.

  • Ikasmaterialak modu autonomoan sortzea.

  • Euskarazko murgiltze eredua: Irakas hizkuntza izateaz gain, euskararen presentzia eskolaren jarduera guztietan (jantokian, eskolaz kanpoko ekintzetan, jolas orduen zaintzetan, autobus zerbitzuetan...) bermatzea, eta euskararen erabilera neurtzea.

  • Publifikaziorako markoa: Eskola itundu-pribatu bateko komunitateak bere publifikazioa eskatuko balu, Hezkuntza Legeak prozesu hori gauzatzeko gutxieneko oinarriak jaso behar ditu. Horien artean egon beharko du langileen subrogazioa.

  • Doakotasuna bermatzea:

      • Gutxienez 30 ikuskatzaileko talde baten sorrera jaso behar du legeak.

      • Finantzazio publikoa jasotzen duten eskolek kontuak publiko egin, eta “Gardentasun Mahai” bat sortu beharko da sindikatu, guraso elkarte eta alderdi politikoekin.

      • Itunpeko eskolen finantzazio sistema berriaren zehaztasunak argitu behar dira.

      • Azpiegituren ordainketa nola egingo den zehaztu beharko da (igerilekua, esaterako) eta eskola guztientzat pareko irizpideak ezarri.

      • Eskolaz kanpoko jardueren ordainketa modua argitu behar da.

  • Segregazioarekin amaitzeko: Legeak bermatu behar du proportzioan banatuko direla ikasle zaurgarriak eta ez zaurgarriak, eta proportzio hori orekatua izan behar duela herri bateko eskola guztietan, modu berean. Eskolako ikasleak eskola ezarrita dagoen herritik kanpokoak direnean, herrialdeko proportzioa bete beharko du. Hori bermatzeko legeak ondorengoak jaso behar ditu:

      • Matrikulazio sistemaren bidez eskola guztiek ikasle zaurgarrientzako plazak erreserbatu behar dituzte.

      • Erreserbatutako plazak ikastetxea dagoen herriko zaurgarritasun tasaren proportzio berekoa izan beharko da. Finantziazio publikoa jasotzeko baldintza gisa erabili behar da zaurgarritasun tasa.

  • Hiru urteko epean Europako batez besteko inbertsio publikoa bermatzea, ondorioz, Barne Produktu Gordinaren %4,7 bideratuko da hezkuntzara.

  • Ikastetxeen autonomia bermatzea: Legean aipatzen diren organoen kideen hautaketa, funtzionamendua eta izango dituzten baliabideak argitzea eskolen autonomia erreala bermatzeko.

  • Eskolen desmerkantilizazioa: besteak beste, 5 urtean hezkuntza sistema software librearen bitartez funtzionatzeko trantsizioa jaso behar du legeak.

ELA elkarrizketarako prest da Eusko Jaurlaritzarekin zein Legebiltzarreko alderdiekin, beti ere aipatutako eduki eta gaietan eztabaidarako prestutasunik bada. Hori gertatu ezean, hezkuntza komunitateko beste eragileekin batera mobilizazioak eta grebak sustatuko ditu, hezkuntza eredu propio baten alde eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko lan-baldintzen alde.

Txosten osoa irakurri