Hezkuntza Hitzarmenaren norabide eza agerian uzten du alderdien artean sortutako ika-mikak

2022/11/24
Hezkuntza Legearen aurreproiektua publiko egin du Jaurlaritzak, eta agerian geratu da sisteman aldaketa sakonik ez duela ekarriko. Aldi berean, Hezkuntza Hitzarmenaren baitan, azken hilabete eta asteotan onartu ditu Eusko Jaurlaritzak itunen araudia, Planifikazio Dekretua edo Eskolatze Dekretua. Eta azken proposamena honakoa izan da: aurrekontuetan Haurreskolen doakotasuna aurreikusi du, eta 2 urteko gelak ituntzeko neurria eman du ezagutzera, antza Hitzarmenaren sinatzaileen artean jada adostuta zegoena. Azken neurri horrek Hezkuntza Hitzarmena sinatu zuten alderdien arteko ika-mika utzi du erabat agerian, eta Legebiltzarraren %90ko babesa ei zuen akordio historikoaren eduki eta norabide eza azaleratu ditu. ELAk aurreratu du ez duela babestuko hezkuntza sistemaren aldaketarik ez dakarren eta langileak kaltetu ditzakeen prozesurik.

ELAren ustez Jaurlaritza egungo sistema bere horretan mantentzeko itxurazko aldaketa batzuk egiten ari da. Adibidez, eskolen doakotasuna bermatu gabe, 2 urteko gelak ituntzeak segregazioa eragiten duen sistema mantentzea ekarriko du.

Gainera, langileei eragiten dieten neurriak hartzen ari dira eta eragin horiek ez dituzte inorekin negoziatu. ELAren ustez, onartezina da langileen lan baldintzak eta lanpostuak jokoan jartzea langileen ordezkariekin negoziatu gabe. ELAk ez du onartuko sistemaren aldaketarik lanpostuak suntsituta edo langileen lan baldintzak okertuta; besteak beste, langileen lan baldintza egokiek soilik emango baitute aukera hezkuntza egokia eskaintzeko.

EAErako Hezkuntza Legea onartzeko prozesua hasi denetik, ELAk oso argi adierazi du Hekuntza sistemaren eraldaketa sakona beharrezkoa dela. Segregaziorik gabe euskaldunduko duen, Euskal Herria marko erreferentzial gisa izango duen eta enpresen interesetatik salbu izango den eskola publiko burujaberako trantsizioa adostua nahi du ELAk. Bide horretan, proposamen zehatzak egin ditu, Hezkuntza Legean gauzagarriak direnak, eta Espainiako legedian garatu ezin diren beste elementu batzuetarako adostasun politikoa eskatu du, gizartea artikulatuta bakarrik lortuko baita bide hori egitea (kurrikulum propioa edo sare banaketarekin amaitzea, esaterako).

Orain arte ez da horrelakorik lantzeko borondaterik izan. Azaleko aldaketak egiten ari dira sakoneko aldaketarik ez egiteko. Oraindik ere garaiz gaude segregazioa eragiten duen, euskalduntzen ez duen, Euskal Herriaren erreferentzia bermatzen ez duen, langileen prekarizazioan oinarritzen den, laikotasuna bermatzen ez duen eta enpresen interesak gizartearen interesen gainetik kokatzen duen hezkuntza sistema aldatzeko.