Hezkuntza publikoko Sukalde eta Garbiketako behin-behineko langileak kontsolidatzeko 600 sinadura baino gehiago erregistratu ditu ELAk

2022/02/23
Elkarreratzea ere egin dute gaur sektoreko ELAko langileek Bilboko Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean, sinaduren erregistroarekin batera. 662 langiletik 500 daude behin-behinean, ia denak emakumeak.

Elkarreratzea ere egin dute gaur sektoreko ELAko langileek Bilboko Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean, sinaduren erregistroarekin batera. 662 langiletik 500 daude behin-behinean, ia denak emakumeak.

Gaur, otsailak 23, ELAk 600 sinadura baino gehiago erregistratu ditu Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan honako eskaera egiteko: Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako langileak kontsolidatzeko prozesu bermatzaileak negoziatu daitezela, kontsolidazio hori egikaritu dadin, eta ordezkapen guztiak bete daitezela. Sinadura horiek hezkuntza arloko profesional, lankide, guraso zein herritarrenak dira. Gainera, eskaera hori plazaratzeko elkarreratzea ere egin dute Delegazioaren atarian.

Gogoratu dezagun EAEko Hezkuntza Publikoko Sukalde eta Garbiketa sektorea eremu feminizatua dela; Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten duten langileen %70 emakumeak dira, eta gehienek behin-behineko lan kontratuak dituzte: 662tik 500 inguru. Gainera, batez besteko adina 50 urtekoa da, gehienek urte asko baitaramate sektore horretan lanean. Hala ere, zuzeneko langileak salbuespena dira; izan ere, zerbitzu horien %90 pribatizatuta daude Hezkuntzaren apustu politikoagatik, eta horrek etekin ekonomikoa lehenesten du kalitatearen kaltetan.

Ordezkapenak ez dira egiten edo oso berandu egiten dira, behin-behinekotasun maila ikaragarria delako, Jaurlaritzak ez duelako nahikoa baliabide bideratzen ordezkapenak kudeatzeko eta zerbitzu hau bereziki gutxiesten duelako. Sindikatuak jaso ahal izan dituen datuen arabera, eskola bakoitzean batez beste 50 egun izan dira gutxienez sukalde edo garbiketako langile bat gutxiagorekin 2021-2022 ikasturteko iraila eta otsaila artean.

Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako zerbitzuetan zehazki, Hezkuntza Sailak behin-behinekotasuna gutxitzeko prozesua abian jartzeko asmoa azaldu zuen; ez du, ordea, gaur gaurkoz prozesuaren nondik norakoa zehaztasunez definitu.

ELAk otsailaren 18aren aurretik gai horiei heltzeko negoziazio-mahaia deitzeko eskaera luzatu zion Hezkuntza Sailari pasa den otsailaren 4an. Ia 20 egun geroago, Hezkuntza sailak ez du mahai hori deitu. Are gutxiago gai horien inguruko adostasunak erdiesteko pausorik eman.

ELAk argi dauka borondate politikoa dela gakoa abian jarriko den prozesua kontsolidaziorako bermatzailea izango bada eta ordezkapenak gauzatzeko baliabideak jarriko badira.

Hau horrela, ELAk esparru horretan ordezkaritza duten gainerako sindikatuei bilera deialdia luzatu die irakurketa partekatu eta grebak barneratuko dituen mobilizazio proposamena adosteko asmoz.