Hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntzako langileek sei greba egun daramatzate eta Hezkuntza Sailak azalpenik ere eman gabe jarraitzen du

2022/05/25
ELAk ordezkapenak betetzeko neurriak eta behin behineko langileen kontsolidazio prozesu bermatzailea behingoz aurkez dezala eskatzen dio Hezkuntza Sailari.

Ikasturte honetako seigarren greba eguna gauzatu dute gaur, maiatzak 25, sukalde eta garbiketako langileek ELA sindikatuak deituta. Martxoan 3 greba egun gauzatu zituzten eta aste hau osorik greban emango dute.

Haatik Eusko Jaurlaritzak grebalarien eskaerei erantzunik eman gabe eta isilik darrai.

Bi dira langileek Hezkuntza Sailari zuzendutako aldarrikapen nagusiak: egiten ez diren ordezkapenak betetzea eta behin-behinekotasunari aurre egingo dioten kontsolidazio prozesu bermatzaileak eskatzea. Horretarako ezinbestekoa da meritu lehiaketa bidezko prozesuak mahaigaineratzea lanpostu kopuru nahikoarekin sukaldari zein garbitzaileak egonkortzeko. Ildo horretan, ELAk uste du Hezkuntza publikoan lan egindako denborak pisu esanguratsuena izan behar duela.

Hezkuntza Sailak, ordea, ez du azaldu meritu lehiaketan meritu bakoitzari eta bereziki hezkuntza publikoko eskola eta sukaldeetan lan egindako denborari emango zaion pisua zein izango den.

Aste honetako greba, martxoko 3 egunetakoek izandakoak baino zentru eta eskola gehiagotan izan du eragina eta langileak mobilizazio desberdinak ari dira gauzatzen. Atzo Donostiko delegaritza aurrean elkartu ziren eta beraien aldarrikapenekin mosaiko bat osatu zuten hondartzan. Gaur Bilboko hezkuntza delegaritza aurrean elkarretaratze zaratatsua gauzatu dute, eta bihar Gasteizko Hezkuntza Delegaritza aurrean elkartuko dira goizeko 11.00etan.

ELAk Hezkuntza Sailari exijitzen dio:

  • Langile hauekiko errespetuz joka dezala
  • Berehala bilera deitu dezala
  • Bilera horretan ordezkapenak lehen egunetik betetzea ahalbideratuko duten neurriak eta sukalde eta garbiketako 500 behin behineko langileren lanpostua kontsolidatzea bermatuko duen meritu lehiketaren zehaztasunak mahaigaineratu ditzala