Hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntzan aste honetako lehen greba eguna arrakastatsua izan da

2022/05/23
ELAk aste honetan Hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntzan deitu dituen bost greba-egunetatik lehena (laugarren greba eguna da guztira) arrakastatsua izaten ari da. Azkoitian, Ordizian, Gernikan, Balmasedan eta Sodupen, besteak beste, jarraipena erabatekoa izaten ari da; gainerakoan, ELAk esan du jarraipena % 50etik gorakoa dela, eta martxoko grebetan baino ikastetxe eta eskola gehiago ari direla eraginpean hartzen.

Bi dira langileek Hezkuntza Sailari zuzendutako aldarrikapen nagusiak: egiten ez diren ordezkapenak betetzea eta behin-behinekotasunari aurre egingo dioten kontsolidazio prozesu bermatzaileak eskatzea. Horretarako ezinbestekoa da meritu lehiaketa bidezko prozesuak mahaigaineratzea lanpostu kopuru nahikoarekin sukaldari zein garbitzaileak egonkortzeko. Ildo horretan, ELAk uste du Hezkuntza publikoan lan egindako denborak pisu esanguratsuena izan behar duela.

Hezkuntza Sailak, ordea, ez du azaldu meritu lehiaketan meritu bakoitzari eta bereziki hezkuntza publikoko eskola eta sukaldeetan lan egindako denborari emango zaion pisua zein izango den.

Gogora dezagun zerbitzu horietatik %90 pribatizatuta dituela Hezkuntza Sailak, eta pribatizatu gabeko zerbitzuetako langileen %70 behin-behinean dihardute. ELAk argi dauka unea dela pribatizazioari ateak ixteko eta hainbat urtez behin-behinean aritu diren langileak, emakumeak gehien gehienak, kontsolidatzeko. ELAk mobilizatzen jarraituko du kontsolidazio prozesu bermatzaileak lortu arte.

Greba ostirala arte luzatuko da, eta gaurko kontzentrazioaren ondotik, bihar 11.00etan Donostian, Gipuzkoako Hezkuntza delegaritzaren aurrean, egingo dute. Ondoren, mosaiko bat osatuko dute grebalariek hondartzan aldarrikapen nagusiekin.