Hezkuntza Sailak EAEko eskola guztietako ikasle zein langileen itzulera segurua, aurrez aurrekoa eta adostua bermatzeko neurriak eta irizpideak jarri behar ditu

2020/08/26
ELA, LAB, CCOO eta UGTen oharra: Maiatzean abian jarritako sindikatuon arteko elkarlanari jarraituz, aurrez aurreko itzulera segurua izan dadin mobilizazio dinamika bat hastera goaz

Eskoletara aurrez aurre itzultzeko Hezkuntza Sailaren kudeaketak onartezina eta arduragabea izaten jarraitzen du; aldebarreko erabakiz betea, negoziatu eta adostu gabekoa eta langile, ikasle zein familiengan etengabeko ziurgabetasun egoera sortzen ari dena.
Pasa den ikasturteko maiatzean Hezkuntza Sailak ikastetxeetara aurrez aurre itzultzeko asmoa aurkeztu zuenean, agerikoa zen une horretan ez zirela osasuna bermatuz eskoletara aurrez aurre itzultzeko baldintzak ematen. Hau horrela, hezkuntzan ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok, eskoletara itzulera seguru eta adostu baten aldeko dinamika jarri genuen abian, eta dinamika horren baitan hainbat mobilizazioa, idatzi eta ekimen gauzatu genituen elkarlanean.
Besteak beste, Ekainean erregistratu genuen idatzi baten bidez, 2020/2021 ikasturtera begira, ondorengo oinarrizko aldarrikapen komunak betetzea exijitu genion Sailari:
• Eragileokin eta sindikatuokin negoziaturiko kurtso hasierarako plangintza eta irizpide orokorrak izan behar ditu EAEko Hezkuntza Sailak.
• Egon daitezkeen 3 eszenatoki ezberdinei egokituriko osasuna eta segurtasuna bermatzeko protokoloak langileon ordezkariokin negoziatu, adostu eta bete egin behar ditu (gaixotasuna kontrolatua, gaixotasunaren suspertzea zein itxialdi egoerara bueltatzea).
• Pandemiak sortu duen egoera berriari aurre egiteko beharko diren baliabide, ratio jaitsiera eta langileen gehikuntza arautu behar ditu, eta dagokion kasuan baliabide ekonomiko, pedagogiko, formatibo eta pertsonalez hornitu behar ditu ikastetxeak.

Ekimen, eskaera eta idatzi haiek ordea, ez zuten erantzunik izan, eta ikasturte berriaren atarian, Hezkuntza Sailak dinamika berberarekin jarraitzen du. Aurrez aurreko ikastetxerako bueltan segurtasun eta osasun neurriak zein beharrezko baliabideen gaia langileon ordezkari garen sindikatuokin partekatu ere egin gabe, hezkuntzako sare guztietarako irizpide komunik eta garbirik eman gabe zein osasuna bermatzeko neurri eta plangintzen ardura eta pisu guztia ikastetxe bakoitzaren bizkar utziz.
Horretaz gain, aurrez aurreko itzulera segurua bermatzearekin batera irizpide pedagogikoak erdigunean jarri behar dira urgentziaz, ikasleen irakaskuntza prozesua zein harremanak lehentasuna izanik. Horretarako, ezinbestekoa da langile kolektibo guztien ratioen jaitsiera integrala adostea langileak kontratatu eta plantillak indartzearekin batera. Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak hau egin ezean, hezkuntza guztirako mobilizazio dinamika bateratu bat adostera goaz.
Ziurgabetasun honekin bukatu eta Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzan duen eskuduntza baliatuta, EAEko eskola guztietako ikasle zein langileen itzulera segurua, aurrez aurrekoa eta adostua bermatzeko neurri eta irizpide komunak jar itzazue behingoz!

ELA, LAB, CCOO, UGT