Hezkuntza Sailak 2.545 plaza baino ez ditu iragarri, behin-behineko 13.000 langile dauden arren

2022/05/02
ELAk kontzentrazioa egin du, Gasteizen, Lakua aurrean, kontsolidazioa bermatuko duen EPE bat eskatzeko. Sindikatuak azpimarratu du Hezkuntza Sailak egindako proposamena ez dela nahikoa - 2.545 plaza baino ez ditu atera nahi egonkortze prozesuetara, eta 1.812 ohiko LEP prozesuetara-. Sindikatuaren ustez, kontsolidazioa bermatzeko EPE horrek, gutxienez, 10.000 plaza esleitu beharko lituzke eta Madrilgo Gobernuak inposatutako neurriak gainditu beharko lituzke. Gauzak horrela, sinadurak biltzen hasteaz batera, sindikatuak aurreratu du kontsolidazioaren aldeko mobilizazioak eta ekimenak bultzatzen jarraituko duela.

Egonkortzeko salbuespenezko hautaketa-prozesuen kasuan zein prozesu arrunten kasuan, Hezkuntza Sailak gaurko bileran adierazi du ez duela gaindituko Madrilen irakasleentzat onartu den hautaketa prozesuei buruzko araudia. ELAk dio bide horretatik ez dagoela kontsolidazioa bermatzerik.

Honi dagokionez hauxe da ELAk egiten duen irakurketa:

  • EAEko Hezkuntza publikoan 13.000 behin behineko irakasle daudela kontuan izanda, sailak eskainitako lanpostu kopuruarekin behin behinekotasuna ez da inolaz ere %8ra jaitsiko. Ez da, beraz, Europak agindutako jarraibiderik beteko eta irakasleek pairatzen duten %41etik gorako behin-behinekotasun mailak kronifikatzen jarraituko du.

  • Hezkuntza Sailak ez ditu bere kabuz bere eskuduntzak defendatuko. Horren ordez, Madrilen onartu den hautatze prozesuen inguruko araudia hitzez hitz aplikatuko du, araudi honek behin-behinekoen kontsolidazioa bermatzen ez duen arren.

  • Hezkuntza Sailak alde bakarreko erabakiak hartzen jarraitzen du, sindikatuekin negoziatu gabe.

Hau horrela, ELAk, beste behin ere, ondorengo eskaerak plazaratu dizkio Sailari:

  • Marko arautzaile propioa eta hezkuntza eskuduntzak defenda ditzala.

  • Ez dezala onartu Madriletik inposatutako kontsolidazioa bermatzen ez duen Errege Dekretua.

  • Hezkuntza publikoko 13.000 behin-behineko irakasleren kontsolidaziorako prozesu bermatzaile propioak negozia ditzala sindikatuekin.

  • Kontsolidazioa bermatzeko prozesu horiek bi elementutan oinarritu ditzala:

      • Lanpostu kopuru nahikoa izango duten prozesuak izatea: gutxienez 10.000 lanpostu.

      • Prozesuak behin-behinekoek lanpostua kontsolidatzeko ezaugarriak izan ditzala: Oposizio-lehiaketa izatekotan oposizi fasea ez baztertzailea izatea; eta oposizio lehiaketa zein meritu lehiaketa hutsa izan, dagokion kidegoan lan egindako denbora izan dadila pisu erabakiorra izango duen meritua.