Hezkuntza Sailak alde bakarrez onartutako EPE prozesu eta lanpostu kopuruekin behin-behinekotasuna ez da %8ra jaitsiko

2022/12/30
Salbuespenezko prozesuetara atera beharreko plaza kopurua gehitzeko, ELAk epaitegian aurkeztutako demandarekin aurrera jarraituko du. Greba eta mobilizazioak ere bultzatuko ditu lehen indarra izatea lortzen duen sektoreetan. Gogoratu behar da, ELAk deitutako hamar eguneko grebari esker, sukalde eta garbiketan kontsolidazioa bermatzea ekarriko duten oinarriak eta lanpostu kopurua negoziatzea lortu zutela.

Lanean dauden milaka langilek ez dute lanpostua kontsolidatuko Hezkuntza Sailak argitara eman dituen EPE prozesuen ostean. Eskainitako lanpostu kopurua langile kopurua baino askoz urriagoa da. Heziketa berezian 800 lanpostu eskaini beharko lirateke behin-behinekotasuna %8ra jaisteko, baina Sailak 520 baino ez ditu eskainiko. Haurreskoletan 532 beharko lirateke baina Partzuergoak 370 baino ez ditu eskeiniko. Irakasleen kasuan, 10.000 lirateke eskaini beharreko lanpostuak eta Hezkuntza Sailak 3.332 besterik ez ditu eskainiko, salbuespenezko meritu lehiaketa eta oposaketa-lehiaketara ateratakoak batuz. Eta EPE arrunt bidez eskainiko dituen 1.810 lanpostuak gehituta ere behin-behinekotasuna %8ra jaisteko beste 5.000 lanpostu eskaini beharko lirateke.

ELAk salbuespenezko prozesuetara atera beharreko lanpostu kopurua gehitzeko demanda aurkeztuta du epaitegian. Irakasleen kasuan meritu lehiaketa bidezko deialdia ere errekurritu du, eta azken egunotan argitaratu diren Haurreskoletakoa, Heziketa Berezikoa zein Irakasleen oposaketa-lehiaketa deialdiak ere errekurrituko ditu.

Sukalde eta garbiketako esperientziak agerian utzi du bide juridikoaz gain greba eta mobilizazioak direla lorpenak izateko bide eraginkorrena. Mahaietan ez dago negoziaziorik kaleetan mobilizaziorik egon ezean, eta ELA izan da hamar greba egunak deitu dituen sindikatu bakarra, lehen sindikatua den esparru horretan.

Bide juridikoaz gain, sektore bakoitzean dituen indarren arabera egoera iraultzeko beharrezko mobilizazio eta grebak bultzatzeko konpromisoa hartzen du ELAk. Horrela, datozen Hauteskunde Sindikaletan lehen indarra izatea lortzen duen sektoreetan helburu hau zein langileen gainerako lan baldintzak eta erosahalmena berreskuratzeko greba dinamikak bultzatuko ditu.