Hezkuntza Sailak eraginkortasun mugatuko finkatze sistema bidegabea (“lehentasun eskubidea”) hedatzen jarraitzen du sindikatuon gaitzespenarekin

2022/05/31
ELAk salatu du Hezkuntza Sailak Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan aurrez ezarritako finkatze sistema/lehentasun eskubide bidegabea Bigarren Hezkuntzara, Batxilergora eta Lanbide Heziketara zabaltzea erabaki duela alde bakarrez. 13.000 behin behineko irakasleren kontsolidazioa da langile zein eskolei egonkortasun erreala emateko bermerik onena uste du sindikatuak.

Azken negoziazio mahaietan proposamen honek mahaiko sindikatu guztion gaitzespena jaso du. Arrazoiak ondorengoak:

  • Behin-behineko irakasleek behin-behineko izaten jarraitzen dute; ez dira kontsolidatzen ez langileak ez eta eskola publikoko lanpostuak ere. Ondorioz langileak prekarietate egoeran egoten jarraitzen dute, eta eskola publikoak ere bai, lanpostuak modu errazean suntsitzeko aukera izaten jarraitzen baitu Hezkuntza Sailak.

  • Lan egindako denboraren araberako esleipen sistema (puntuen sistema) hankaz gora jartzen du. Posible da beraz, 20 urtez lan egindako behin-behineko bat lanpostu gabe geratzea urte betez soilik lan egin duen behin-behineko irakasle batek lanean jarraitzen duen bitartean.

  • Planteamendu hau, EAEko irakaslegoaren artean ikasturtez ikasturte %48tik gorako behin behinekotasunaren testuinguruan egiten da.

  • Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan pasa den ikasturtean esleitutako eskola eta postuan “finkatzeko” aukera emango zaie behin-behineko langileei; baina esleipen haietan ez zekiten ikasturte honetan finkatzeko aukera izango zutela. Elementu hau kontuan izan gabe gauzatu zuten aukeraketa, beraz.

  • Eskoletako proiektu pedagogikoei ez zaie beharrezkoa den egonkortasunik emango, ez behintzat egungoa baino gehiago, EPE bat dagoen bakoitzean aldaketak etorriko baitira.

Irakasleei eta eskolei egonkortasuna emanez hezkuntza kalitatea hobetzeko bidea zein den argia da: egun lanean dauden 13.000 behin behineko irakasle zein hauek betetzen dituzten lanpostuak kontsolidatzea. Bide horretatik soilik etorriko da gure eskola publikoek zein bertako langileek beraien lana modu egokian egin ahal izateko beharrezko duten egonkortasuna.

ELAk hau lortzeko bidea egiten jarraituko du, horretarako beharrezko diren mobilizazio eta ekimenak landu eta bultzatuz. Atzo bertan adierazi bezala, 3.000 sinaduratik gora batu eta aurkeztu ditu sindikatuak Eusko jaurlaritzan eta eskoletan batzarrak egiten zein mobilizazio eta grebetarako lanketan jarraituko du.