hezkuntza publikoa

Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoen fusio prozesuak abiatu ditu ezkutuan, ikuspegi ekonomizista hutsez

2024/12/12
ELAk salatzen du Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoen sarea murrizteari ekin diola langileon ordezkarioi inolako informaziorik eman gabe. ELAk bateratze egoeran egon daitezkeen ikastetxetako langileei babesa emango die, prozesuei buelta emateko eta soluziobide negoziatuak lortzeko mobilizatu nahi badute.

2021ean hasi zuen Hezkuntza Sailak ikastetxeen arteko fusio edo bat-egite prozesuak aurrera eramateko bidea. Jaiotze tasaren beheranzko joerak ekarritako matrikulazioaren jaitsiera aitzakia hartuta, urte hartan Sailak Amurrioko Mendiko Eskola eta Zabaleko ikastetxeak bateratzeko erabakia hartu zuen, hango ikas-komunitateen gaitzespena jasoz. Kasu hartan dagoeneko agerian geratu zen Sailaren jokabide ezkutua, planifikazio falta eta langile zein familiekiko begirune eza.

Orain Gasteizko Aita Orbiso eta Umandi eskolei iritsi zaie txanda. Lakua-Arriaga auzoan ondoz ondo kokatuta, eskolen arteko desoreka nabaria da: Aita Orbiso guztiz segregatutako eskola da eta matrikulazioen beherakada larrian dago. Bertako zuzendaritzek Sailaren neurri epelek irauli ez duten Aita Orbiso eskolaren egoera onartezinari aurre egin nahian, proiektu bateratu bat jorratzeko borondatea erakutsi dute, ikastetxeak auzoaren aniztasunaren isla izan daitezen eta ez bazterkeriaren eredu. Horretarako 5 urtez luzatzen zen proiektua luzatu diote Hezkuntza Sailari, ikasle taldeak, irakasleak, zuzendaritza taldeak eta eraikinak mantzentzea barnebiltzen duena. Eta zuzendaritzen zilegizko helburuari helduta, Hezkuntza Sailak fusio/bateratze prozesua abiatu du.

Baina bateratzearen benetako helburua bazterkeriarekin bukatzea bada, zergatik ez da Hezkuntza Saila sindikatuei informaziorik ematen ari? Are gehiago, zergatik ari zaigu gezurretan eta prozesuan parte hartzen ez uzten?

ELAn argi daukagu arrazoia: Abagunea sare publikoa baliabide pertsonal zein material nahikoz hornitu eta gure ikasleei merezi duten kalitatea eskaintzeko paregabea bada ere, Hezkuntza Sailak sare publikoko ikastetxe kopurua murrizteko bideari ekin dio ikuspuntu ekonomizista hutsetik abiatuta. Izan ere, ikasketa zentroak bateratzeko asmoaren azken helburua hezkuntza publikoan gastu txikiagoa egitea baita. Horrelako prozesuak dagoeneko martxan diren eskoletan, Sailaren ordezkariak zuzendaritza talde eta klaustroei esaten ari zaizkien hitz politak gorabehera (idatziz ez baitzaie ari segurtasunik ematen), fusio/bateratze horiek ondorio larriak izango dituzte epe labur eta ertainera: lanpostuen suntsipena (hala irakasle eta hezitzaileena zein atezain, sukaldari, garbitzaile edo jantokietako begiraleena), lan-baldintzen okertzea (baliabideak galduko dira lan-kargak areagotuz) eta, finean, sare publikoaren ahultzea.

Gauzak horrela, matrikula kopurua baxuagoa den testuinguru honetan, Hezkuntza Sailak sistema publikoaren kalitatea lehenetsi beharrean, ratio maximoen politika baztertu eta eskolak behar bezala hornitzeko baliabideak maximizatu beharrean, erabaki du egoera baliatzea murrizketak egiten jarraitzeko. Esan bezala, fusio/bateratzeen bitartez ikastetxe publikoen sarea txikiagotu eta irmo eutsi nahi dio 2022an, ELArekin izan ezik, hezkuntzako gainerako sindikatuekin sinatutako Ratioak eta Baliabideak esleitzeko akordio eskasari. Gogora dezagun ELAk ez zuela hura sinatu eduki urriak zituelako, eta ratioen proposamen propioa daukagula.

ELAren proiektuaren muinean eskola publiko burujabeak leku zentrala du, lan-baldintza onak bermatzen dituena, euskalduna, ez segregatzailea eta baliabide nahikoz hornitutakoa. Horregatik ELAk ez du Hezkuntza Sailaren fusio/bateratze politika babestuko. Aitzitik, Sailari gardentasunez jokatzeko exijitzen diogu, gezurrak esateari utz diezaion eta hezkuntza publikoko ikas-komunitatearen ongizatea izan dezan abiapuntu, ez gastuen murrizketa.

Badakigu datozen hilabete eta ikasturteotan Sailak beste hainbat fusio/bateratze prozesu abiatzeko asmoa duela: Gasteizen bertan, Adurtza eta San Ignacio eskolak, batetik, eta Landazuri eta Santa Maria ikastetxeak, bestetik, Bilbon Txurdinaga eta Pio Baroja, Portugaleten Maestro Zubeldia eta Virgen de la Vía, eta Donostin Kattalin Erauso eta Amara Berri besteak beste. ELAtik konpromisoa hartzen dugu fusio/bateratze egoeran egon daitezkeen ikastetxeetako langileei babesa eman eta gure baliabideak haien esku jartzeko, prozesuei buelta eman eta soluziobide negoziatuak lortzeko mobilizatu nahi badute.