Hezkuntza sistemak beharrezko dituen baliabideak eta hobekuntzak negoziatzeko eskatu dio ELAk Lakuari

2021/09/02
Hezkuntza sistemak beharrezko dituen baliabideak eta hobekuntzak negoziatzeko eskatu dio ELAk Lakuari
Ikasturte berriaren hasieran, aldebiko bilera egin zuen atzo, irailaren lehenenean, ELAk Hezkuntza Sailarekin. Bertan, pasa den ikasturtearen balorazioa egin, eta, hasi berri den ikasturterako eskariak eta erronkak mahai gaineratu zituen ELAk.

Pasa den ikasturtearen balorazioa

Ikasturte seguru eta adostua aldarrikatzeko greba batekin hasi genuen pasa den ikasturtea. Hezkuntza Sailburu berriaren izendapenarekin aldebakartasuna eta negoziaketa eza alboratzeko zein hezkuntza sistemaren beharrei erantzun egoki eta errealak emateko asmoak iritsi ziren. Ikasturtea, ordea, hezkuntza publikoari eragin zion sektore publikoko greba batekin amaitu behar izan genuen, asmo horiek ez zutelako ekimen errealetan inolako islarik izan. Formetaz eta propagandaz haratago, hezkuntza sailak negoziaketa eta adostasun erreala baztertu eta aldebakarreko erabakiak hartzen jarraitu du, bai hezkuntza sistema osoari dagozkion erabakietan, bai hezkuntza publikoko hainbat sektoreetako mahai negoziatzaileetan.

Alde batetik, ELArentzat funtsezkoak diren gaiak erabat baztertuak izan dira; hala nola, pandemiari aurre egiteko neurri eta baliabideen inguruko eskariak, enplegu suntsiketa zein ikastetxe itxierak saihestu eta hezkuntzak dituen beharrei erantzuteko ratio politika desberdina ezartzeko aldarrikapena, erretiro eta gazteberritzeko planak ezartzeko beharra, hezkuntza publikoan dagoen behinbehinekotasuna jaisteko kontsolidazio prozesuen ezarpena, edota Haurreskolen etorkizuna bermatzeko neurrien ezarpena.

Horrez gain, aldi berean, erabaki ugari aldebakarrez hartu eta abian jarri dira, inprobisazio eta aurreikuspen egokirik gabe; egonkortasun agindua, esleipenak, lanaldia murrizteko eta eszedentziak eskatzeko epe mugapenak, txertaketa irizpideak, covid protokoloak... eta erabaki horien kudeaketak izugarrizko hutsune eta gabeziak agerian utzi ditu, langileen artean anabasa sortuz.

Datorren ikasturteari begira azaleratutako kezka eta erronkak

• Ratio eta lan kargen jeitsiera. Jaiotze tasaren jaitsieraren aurrean, eta horrek suposa dezakeen matrikulazio beherakadaren aurrean, hezkuntza sistema osoan eman daitekeen enplegu suntsiketa edota ikastetxeen itxierak saihesteko planen beharra azpimarratu du sindikatuak. ELAren ustez, matrikulazio beherakada aukera bat da ratio egokitzapenak egin, eta erretiro eta gazteberritze plana egokien bitartez enplegua sortu eta hezkuntza kalitatea hobetzeko. Gainera, Haurreskolen etorkizunaren inguruko hausnarketa ere premiazkoa da.

• Kontsolidazioa hezkuntza publikoko sektore guztietan. Egonkortasun errealaren beharra ere galdegin du ELAk, beste behin. Egun hezkuntza publikoan pairatzen den behinbehinekotasun larriaren aurrean, hainbat sektoretarako neurri eraginkorrak eta benetako ardura eta erantzukizuna eskatu du, hau da, kontsolidazio prozesuei lehenbailen heltzea.

• Pandemiaren gaineko erabaki eta neurriak sindikatuokin partekatzea eta adostea.

• Lan osasuna. Lan osasunaren inguruko hausnarketa ere partekatu du ELAK; ikastetxeetako prebentzio planen eta arrisku psikosozialen azterketa beharra, besteak beste.

• Hezkuntza sistemak dituen gainerako erronkei baliabide hornikuntza eta gehikuntza bidez erantzuteko beharra ere oroitarazi du sindikatuak; hala nola, segregazioa, hezikidetza edota euskalduntzea.

• Azkenik, Gizarte Ekimeneko eta Ikastoletako Lan Hitzarmenen indarraldia amaitzear egonik, Hezkuntza Sailak ikastetxe horiekiko ardura kotuan izanda, bertako langileei eragiten dieten lan baldintzen egoeran inplikatu dadin eskatu dio sindikatuak sailburuari. Guzti horrekin, ELAk argi du moibilizazioak beharrezkoak direla lehentasunezkoak diren gaiak agendan jarri eta Hezkuntza Sailaren erabakiak baldintzatzeko. Ikasturte honetan ere dinamika horretan jarraituko du arazoei irtenbideak eman bitartean.

Guzti horrekin, ELAk argi du moibilizazioak beharrezkoak direla lehentasunezkoak diren gaiak agendan jarri eta Hezkuntza Sailaren erabakiak baldintzatzeko. Ikasturte honetan ere dinamika horretan jarraituko du arazoei irtenbideak eman bitartean.