EAEko Hezkuntza Publikoko Irakasleak

Hezkuntzak ordezkoek udara kobratzeko eta puntuatzeko duten eskubidea mugatu nahi du

2023/06/15
EAEko hiru hiriburuetako Hezkuntza Ordezkaritzetan STEILAS, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dituzte elkarretaratzeak Hezkuntza Sailari eskubide hau bermatzeko exijitzeko.

Egun indarrean dagoen Lan baldintzen inguruko Akordioak ikasturte batean gutxienez 165 egun lan egiten duten ordezkoek uztaila eta abuztuko hilabeteetan soldata jaso, kotizatu eta ordezkoen zerrendetan puntuatzeko eskubidea daukatela jasotzen du. Horrela, iraupen ziurgabeko kontratazio ugari izaten duten milaka ordezkoren egoera leuntzen da.

Azken mahaietan Hezkuntza Sailak irizpide hau aldatzeko asmoa adierazi du.

Sailak adierazitako irizpide aldaketa aplikatzera iritsiko balitz jada egoera prekarioan lan egin behar duten milaka ordezko oraindik eta egoera eskasagoan utziko lituzke. Uztaila eta abuztua osorik kobratu gabe geldituko liratekeelako, baita honi dagokion kotizazioa eta zerrendetako puntuazio gabe ere. Bestalde, funtzionario eta interinoen eskubideen arteko desberdintasuna areagotuko luke.

Steilas, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek egoera hau salatu eta beraien desadostasuna adierazten dute. Horregatik, gaur EAEko hiru hiriburuetako hezkuntza ordezkaritzetan egindako elkarretaratzeetan, Hezkuntza Sailari irizpide aldaketarik ez aplikatzeko galdegin diote.