Hezkuntzako langileen ordezkaritza osoak 3. mailako azterketak erretiratzea eskatu du Legebiltzarrean

2016/04/20
Azterketa hauek LOMCE eta Heziberrik inposatzen duten hezkuntza eta ebaluazio sistema ezartzeko atzeko atea dira. ELAk eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari gure errealitate eta beharrei erantzuten dien hezkuntza garatzea. Heziketa integrala, pertsonen eta jendartearen berdintasuna, ahalduntzea, kritikotasuna bultzatuko duena.

Hezkuntzan ordezkaritza dugun sindikatu guztiak agerraldia burutu dugu gaur Eusko Legebiltzarrean 3. mailako azterketen inguruan gure iritzia adierazteko.

Heziberriren markoan egiten diren azterketa hauek LOMCEren aplikazio hutsa dira eta estatuaren menpe dauden 6. mailako azterketei eta Bigarren Hezkuntzako errebalidei bidea irekitzen die.

Estatuaren inposizioa eta kontrola onartzeaz gain, hezkuntzaren merkantilizazioa eta ikuspegi erabat atzerakoia ezartzen dute eta izugarrizko atzerapauso pedagogikoa dira.

Behin eta berriro salatu dugun moduan, Heziberrik bere egiten du LOMCEren oinarrizko egitura. Eta azterketa hauek LOMCE eta honek berarekin dakarren hezkuntzaren merkantilizazioa eta kontrola atzeko atetik sartzeko tresna dira.

Honegatik guztiagatik, gaur legebiltzarreko talde politiko ezberdinei eskatu diegu:

  • Eusko Jaurlaritzari azterketa hauek eta Heziberri bera erretiratzeko eskatzea.

  • Eusko Jaurlaritzari estatuaren inposizio hauei aurre egin eta inola ere ez onartzeko eskatzea.

  • Eusko Jaurlaritzari gure errealitate eta beharrei erantzuten dien hezkuntza garatzea. Heziketa integrala, pertsonen eta jendartearen berdintasuna, ahalduntzea, kritikotasuna bultzatuko duena.