Hezkuntzan egin beharreko lanak oinarrizko akordioak eta ibilbide adostuak eskatzen ditu
ELAk uste du azken hamarkadetan Euskal Herriko ikastetxe gehienetan garatzen ari den ildoari jarraituz, hezkuntza euskal gatazkaren eta biktimen erabilera alderdikoitik aldendu eta giza eskubideen eta gatazka ororen sortze eta konpontze bideetan lanean ezartzea egokia eta oinarrizkoa dela. Edozein kasutan, hezkuntzan egin beharreko lanak bake eta bizikidetzarako gizarte eta politika mailako oinarrizko akordio eta ibilbide adostuak eskatzen ditu eta sindikatuak oraindik tamalez maila horretako akordio minimorik ez du sumatzen.
Gaur Donostian Bake eta Bizikidetza Planean hezkuntzari erreferentzia egiten dion atalaren inguruan akordioa sinatu da hezkuntza eragile ezberdinen artean. ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen moduan, ez da bertan izan.
ELAk, edukia, planifikazioa, prestakuntza eta baliabide pedagogikoak zehaztu behar direla uste duen arren, positiboki baloratzen du Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak hezkuntzarako egin duen proposamena, izan ere, aldez aurretik inposatu zen “Bizikidetasun demokratikoa eta indarkeriaren deslegitimatze plana” rekiko aurrera pauso nabariak ematen dituela ulertzen baitugu. Besteak beste, azken hamarkadetan Euskal Herriko ikastetxeetan egiten aritu den heziketa lanari jarraipena emanez, hezkuntza euskal gatazkaren eta biktimen erabilera alderdikoitik aldentzen duela uste dugu eta hezkuntzan egin beharreko lan pedagogikoa giza eskubideen lanketan kokatzen duela, orokorrean bakea eta bizikidetza urratzen duten gatazken arrazoi eta mekanismoen lanketan, beraien konponbidean eta gerta ez daitezen prebentzio lanean.
Eginiko proposamenaren edukia aurrerapausotzat emanda ere, ELAk, momentuz behintzat, ez du akordioa sinatu, izan ere, sindikatuaren iritziz oraindik ere normalizazio politikoan eta bizikidetzan benetako aurrera pausoak emateko politika eta gizarte mailako oinarrizko akordiorik ez baitu sumatzen, modu berezian alderdi politikoen artean eta legebiltzarrean. Eta hau honela izanik, ez du baldintza nahikorik ikusten hezkuntzaren esparrura honelako akordiorik trasladatzeko, izan ere, aspaldidanik gure ikastetxeetan normalizazio demokratiko eta bizikidetzarako lana egiten ari den arren, ez du egoki ikusten hezkuntzara trasladatu nahi izatea lan horren zama edo hezkuntzaz baliatuz bideratu nahi izatea alderdi politikoen artean eta gizartean oro har adosteko gai ez garen ibilbideak.