Hitzarmenen inaplikazioen aurka elkarretaratu da ELA
Hitzarmenak ez aplikatzeko kasuei buruz EAE mailan erabaki behar duen erakunde hau formalki eratzen dela eta, ELAk honakoa adierazi nahi du:
-
Organo hau eratzea salatu egiten dugu; 2012an Rajoyren Gobernuak ezarri zuen erreforma laboralaren emaitzetako bat da.
-
Eusko Jaurlaritzak alferrik galdu du aukera ezin hobea agertzeko erreforma laboralaren aurka zinez dagoela; erreforma laboralaren edukiak nolabait langileen aldera lerratzeko parada zeukan, baina ez du baliatu.
-
Organo hau sortuta Jaurlaritzak berriro ere Patronalaren alde egin du, eta opari bat egin dio, derrigorrezko arbitrajea.
-
Erakunde hau sortzea Negoziazio Kolektiboari egindako eraso latza da, aldeek elkarrekin adostutakoa ez aplikatzeko atea irekitzen baita.
-
Gogoratu beharra dago erreformaren puntu hauxe Auzitegi Konstituzionalean errekurrituta dagoela eta, horrenbestez, ez dagoela behin betiko erabakita.
-
ELAk batzorde honetan parte hartuko du, erabat bere aurka egon arren eta bere funtsa, forma eta helburuekin bat etorri ez arren.
-
ELAk batzordean parte hartuz helburu bakarra du, hitzarmenen jarraipena egitea hasieratik amaieraino, eta parte hartzen duten erakundeen jarrera agerian uztea.
-
ELAk beti berdin bozkatuko du: BAIezkoa Batzordean inaplikazio proposamenak aztertzeari, eta EZezkoa, berriz, inaplikazioari.