Ia erabateko jarraipena izan du Haurreskolak Partzuergoko grebak

2017/11/09
Langileen %86k egin du greba eta ehunka pertsonak hartu du parte Partzuergoaren Zuzendaritzari eta Hezkuntza Sailari interpelazioa egiteko burutu dugun mobilizazioan.

ELA, LAB eta EILASen Agiria:

Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunetan bezala, Haurreskolak Partzuergoan grebak ia erabateko jarraipena izan du. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa gaurkoak. Grebara deiturik zeuden 1.200 langiletik %86k egin du bat deialdiarekin eta irten da kalera haurreskoletan egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta, bai Partzuergoaren Zuzendaritza baita Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.

Hauek dira, lan-baldintza hobetu eta hezkuntza on bat bermatzeko, azken urteetan behin eta berriro mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenak:

- Kudeaketako eta Hezitzaile langileen Lanpostuen Zerrenda eta egonkortasuna bultzatu. Haurreskolak Partzuergoko langileon behin-behinekotasun tasa % 41ekoa da, kudeaketa langileena %100ekoa.

- Geletako ratioak berdintasunean oinarritutako irizpideekin aplikatu.

- Ordezkapenak bertaratze orriarekin ez baldintzatu.

- Lizentzia, baimenak eta txanda egunak ordezkatu. Egin ezean lankideen lan karga handitzen da eta zerbitzuaren kalitatea, berriz, kaskartu.

- Haurreskola txikietan familia guztiei 8 orduko zerbitzua eskaintzea.

- Koordinazio liberazio orduak irekita dauden gela kopurua izatea erreferentzia.

- Koordinatzaile ordeak plusa proportzionalki jasotzea (hilabete batera heldu ezean).

- Erretiroa erraztu, errelebo kontratuarekin akordio batera heldu. Gaurko errelebo kontratuen araudiaren aplikazioa 2018ko abenduaren 31n amaitzen da.

- Bajak lehen egunetik %100ean ordaindu.

- Eroste ahalmena berreskuratu.

- Dekretu bidezko ordezkoen araudirik ez! .

- Haurreskolen doakotasuna.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak ez dute proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Aste honetan bertan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez haurreskoletan ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk ez da jasotzen. Haurreskoletan egoera are okerragoa izan daiteke aurrekontu hauek onartuz gero.

Partzuergoaren Zuzendaritza eta Hezkuntza Sailari Haurreskoletako egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diogu. Horrela ez bada, greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digute utziko.