Ia hamar urte hitzarmenik gabe EAEko itunpeko irakaskuntzan #Landeia229

2018/08/08
Gizarte ekimeneko langileek sei greba egun deitu dituzte datorren ikasturterako. Landeiaren 229. aleak gaiaren inguruko informazio hau jasotzen du.

Ikasturtea duela gutxi amaitu den arren, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte-ekimeneko ikastetxeetako langileak hasi dira buru-belarri prestatzen datorren ikasturteko mobilizazioak. Martxoaren 20an eta maiatzaren 15 eta 16an egindako greba egun arrakastaren ostean, kurtso berriari begira dagoeneko sei dira iragarri diren greba egunak: urrian bi (9 eta 10) eta azaroan lau (27, 28, 29 eta 30). Gainera sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek –ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT– hamaika mobilizazio egingo dituzte.

ELAren arduradun Miren Zubizarretak salatzen duenez, langileek ia hamar urte daramate hitzarmena berritu gabe, horrek suposatzen dituen ondorio larriekin. “Eros-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, eta zentroetako modernizazioa langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Hezkuntza-laguntzako espezialisten eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileen kasuan, hau da, sektore feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak, prekarizazioa gero eta larriagoa da. Gainera, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa”.

Orain arte egindako mobilizazioak izugarri arrakastatsuak izan dira. Hala ere, patronala orain arteko jarrera itxian tematuta dagoela salatzen du Zubizarretak. “Sektoreko patronalek (Kristau Eskola eta AICE-IZEI) ez dute ezta zirkinik ere egin, negoziazio-mahairako deialdirik egin gabe daude, eta gure eskakizunetako bakar bati ere ez diote erantzun. Gainera, izan duten jarrera salatu beharra dago. Orain arteko greba-egunetan zenbait ikastetxetan greba indargabetzeko irregulartasunak antzeman ditugu, grebalariak legez kanpo ordezkatuz edo grebalariei neurri gabeko deskontuak aplikatuz, esaterako. Ez dugu onartuko greba-eskubidearen aurkako erasorik”.