Inprobisazioa eta informazio-falta Hezkuntzako langileen txertaketa-prozesuan

2021/03/04
ELAk Hezkuntzako langileen bat-bateko txertaketa eta informazio falta kritikatu du. Mutua txertoa jartzeko hitzorduak bertan behera uzten ari da, hitzordu berriak Osakidetzak ezarriko dituela eta prozesua oraindik ez dela hasi jakinarazi du. Gauzak horrela, sindikatuak informazioa, gardentasuna eta osasun irizpideetan oinarritutako plangintza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Inprobisazioa eta plangintzarik eza: Hezkuntza publikoko langileen txertaketa, hasiera batean, otsailaren 26an egin zuten mutualitateek; hala ere, martxoaren 3an, erakunde horiek hainbat pertsonari eta zentrori jakinarazi zieten ezarritako hitzorduak bertan behera geratzen zirela, mutuak ezin zuela hitzordu gehiagorik eman eta une horretatik aurrera Osakidetzaren esku geratuko zela txertaketa. Milaka pertsona zain daude, ziurgabetasun egoera batean.

Administrazioak adierazitakoaren arabera, maskara ez duten ikasleekin lan egiten duten 55 urtetik beherako pertsonekin hastea izango litzateke sektoreko lehen txertaketa-faserako irizpidea. Hala ere, gaur egun ez da txertoa jartzen hasi haurreskoletan.

Informazio eta gardentasun falta: otsailaren 24ko bileran, Hezkuntza Sailak ez zien sindikatuei idatzizko protokolorik edo planik eman. Emandako informazioa ahozkoa eta eskasa izan zen, eta adierazi zen apurra ez da bete edo aldatu. Adibidez, esan zen txertaketa sare publikoko langileek hasiko zutela eta mutuek egingo zutela, eta aldatu egin da. Langileen ordezkariek, zuzendaritza-taldeek eta langileek ez dute aldaketa horiei buruzko zuzeneko informaziorik jaso.

Sindikatuek ez dakite nola doan txertaketa-prozesua: ez dute jakinarazi txertatutako pertsonen kopurua, zein eskualde, lurralde edo zentrori dagokion, ezta mutuek eta Osakidetzak egindako txertaketa-kopurua ere.

Horregatik guztiagatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari gaiari buruzko informazioa eskatu dio, bereziki:
*Hezkuntza-sistema osoan maskara ez daramaten ikasleekin lan egiten duten 55 urtetik beherako pertsonen kopurua.
*Orain arte txertatutako langileen kopurua, adinak, kolektiboak eta zentroak zehaztuta.
*Osakidetzak zenbat pertsonari jarri dien txertoa eta mutuek zenbat pertsonari.