EAEko hezkuntza publikoa
Irakasleen 3. grebak %75eko jarraipena izan du

STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak jarraipen zabala izan du, urtarrilean egindako beste bi greba egunen antzera. EAEko Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 27.000 irakasle zeuden gaurko grebara deituak.
Sindikatuek batutako datuen arabera, grebak jarraipen zabala izan du, izan ere, deitutakoen %75ak babestu du. Hala ere, beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela eta ondorioz, greba bera baldintzatua egon dela. Hezkuntza sailak familiei bidalitako gutunak edota mahai negoziatzaileetan erakusten ari den jarrerak ere, ez dute laguntzen.
Grebaren arrakastaren adibide garbia da EAEko hiru hiriburuetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioetan milaka langile elkartu direla. Urtarrilean egin bezala, milaka eta milaka langilek salatu dute EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako.
Urtarrileko grebek eta mobilizazioek bi mahai deitzera eta pausu bakan batzuk ematera behartu dute Jaurlaritza. Argi dago grebak direla Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Tamalez, oraindik grebetako eskaerei erantzungo dioten balizko proposamenetatik urrun dago. Astelehenean, bilera batera deitu zituen sindikatuak aldez aurretik idatzizko inongo proposamenik bidali gabe eta ahoz. Aldiz, atzo azken uneko bilera batera deitu gintuzten. Bi egunetan helarazi zizkiguten edukiaki ez ditugu nahikotzat jotzen.
Beraz, beste behin ere Hezkuntza Sailaren asmoa negoziaketak irudikatzea izan zen. Bereziki larria da Jaurlaritza, langileen gehiengoa ordezkatzen ez duten sindikatuekin, grebetan milaka langile aldarrikatzen ari diren edukiak jarri gabe eta langileen %90a ordezkatzen duten greba deitzaileen kontra, gutxiengoan akordioa sinatzeko prest agertu izana.
Hirugarren greba egun honetan ere, irakasleek oso mezu argiak helarazi diote Hezkuntza Sailari:
- 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.
- Lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, erosahalmena berreskuratzea,lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.
- Ezbadagoaldarrikapenhauekikoerantzunikgrebetanjarraitzekoindarrekindaudela.
Beraz, Hezkuntza sailari azken momentuko eduki nahikorik gabeko mahaiak deitzeari uzteko eskatu diote, grebak desaktibatzeko gutun eta estrategiak alboratzeko eta eskaera hauei erantzungo dioten proposamenak egiteko. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu eta baliabideez hornitzea.
Aipagarriak dira, gaurkoan ere, greba babestu duten irakasle kopuru handia dela eta, irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak:
- Araban: Toki Eder Ikastola (%97) Gasteizen, Luis Elejalde-Rogelia Alvaro eskola (%77), Salburua HLHI (%100), Murgia (%91) eta Miguel de Unamuno BHI Gasteizen (%90).
- Bizkaian: Arizko ikastola Basaurin (%100), Otxandio (%93), Juan Bautista Eguzkitza Meabe Lemoan (%89), Zeanurin (%100) eta Leioako Ostalaritza Eskolan jantoki zerbitzua etetea lortu dute irakasleek.
- Gipuzkoan: Goizeko Izarra Ikastola Mutrikun (%100), Kurtzebarri Aretxabaletan (%100), Zumaia (%95), Katalin Erauso Donostian (%80), Lezo (%80), Erniobea Villabonan (%88) eta Karmengo Ama Pasaian (%83).
Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar ere greba eguna da EAEko hezkuntza publikoko irakasleentzat, eta manifestazio zentralizatua deitu da Gasteizen, 11:30ean Europa Jauregitik abiatuta.