Itunpeko Hezkuntzako ordezkarien elkarretaratzea negoziazioa eskatzeko

Ezin ahaztu Gizarte Ekimeneko hitzarmena 2009tik berritu gabe dagoela. Gainera, azken urteetan ikastetxeen egoeran, hezkuntzan eta lan-baldintzetan aldaketa nabarmenak eman dira, hitzarmen zaharkitu hau berritzea ezinbesteko egiten dutenak.
32 hitzarmen mahaietan oinarrizko negoziazio gaiez gain (soldatak, irakastorduak, jardunaldia, lan-kargak...), bereziki larriak eta urgentziazkoak diren hainbat gaitan gutxieneko akordioetara iristeko patronalak duen prestutasun eskasaz jabetu izan da ELA. Izan ere, Itunpeko Irakaskuntzan bereziki larria da Heziketa Bereziko eta 0-3 urteko langileen egoera. Era berean, hitzarmenean berritu beharreko zenbait gai zeuden mahai gainean, hala nola 58 urterekin irakastorduen murrizketa eta erretiroak, DBH lehen eta bigarren zikloen soldaten alderatzea edota Zerbitzu eta Administrazioko langileen egoeretan hobekuntzak. Guztietan, patronalaren erantzuna langileen behar eta nahietatik oso urrun egon da.
Honegatik guztiagatik, ELAren ustez, negoziazio mahaian patronala ezartzen ari den blokeo egoera ikusirik, mobilizazioa aktibatzeko ordua iritsi da.
Gaur, Bilboko Indautxuko Jesuiten aurrean Itunpeko Irakaskuntzako ordezkari eta langile ugari elkartu dira Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei hitzarmenaren benetako negoziazioa eskatzeko.
Egoera aldatu ezean, datorren ikasturtean ELAk mobilizazioak ugaritu eta indartuko ditu, Itunpeko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri bat lortu asmoz.