EAEko Hezkuntza publikoko greba
Jarraipena zabala izaten ari da, %55etik gorakoa kolektibo guztietan

EAEko Hezkuntza Saileko 29.000 langile daude gaurko grebara deituak: unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile guztiak, alegia. Bada, langile horietako askok egin dute bat grebarekin, %55tik gora. Eta milaka langilek ere parte hartu dute EAEko hiru hiruburuetako manifestazioeetan.
Hori guztia kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan direla: milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie, eta greba bera baldintzatu dute gutxieneko zerbitzuek.
Sindikatu deitzaileek, deitutako esparruetan %56ko ordezkaritza dutenek, argi dute lan baldintza egokiak izatea ezinbestekoa dela ikasleen beharrei modu egokian erantzuteko. Hamarkada bat baino gehiago daramatzate, ordea, lan baldintzen inguruko negoziaketarik gabe. Izan ere, Hezkuntza Sailaren jarrera itxia eta inposatzailea da. Esaterako, irakasleen Lan Hitzarmena 2010ekoa da, Sukalde eta Garbiketako langileena 2009koa eta Heziketa Berezikoena 2004koa.
Hezkuntza Legearen testuinguruan sinatu diren akordioek ere ez diote erantzuten hezkuntza sistemak beharrezko dituen aldaketei, eta lan baldintzak hobetzeko ez da neurri zehatz eta nahikorik jasotzen.
Horregatik, Hezkuntza Sailari sindikatuek eskatu diote berreskura dezala lan baldintzen benetako negoziaketa, ondorengo edukiekin:
-
Lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea.
-
Galdutako %20ko erosteko ahalmena berreskuratzeko akordioa. %10eko soldata igoera adostuz 2024rako eta gainerako %10 berreskuratzeko plangintza ete epeak adostuz.
-
Lan Osasuna bermatzeko neurriak adostea, arrisku psikosozialetan arreta berezia jarriz.
-
Erretiroa bizkortu eta plantilak gazteberritzeko neurriak adostea.
-
Behin-behinekotasuna %8ra txikitzeko kontsolidazio prozesuak adostea. Lanpostuak sortu, estrukturalizatu eta langileria egonkortzeko formulak adostea.
-
Pribatizazioa mugatzeko betebeharra bere gain hartzea.
-
Eskoletan euskalduntzea bermatuko duten plangintzak adostea.
-
Eskoletan Hezkidetza proiektu errealak ahalbideratzea, kreditu ordu nahikoekin eta egonkorrekin, zein berdintasun plan adostuekin.
Bestalde, Madrilgo kongresuan ordezkaritza duten EAEko indar politikoei ondorengo eskaera egin diete Espainiako gobernuaren negoziaketen harira:
-
Hezkuntza publikoko langileriaren lan baldintzak, soldatak eta enplegu beharrak hemen erabakitzea ahalbidera dezatela.
-
Egungo ikasleek dituzten beharrei erantzun ahal izateko, hezkuntza publikoa indartzeko eta eskola publikoak aurrera ateratzen dituzten langileen lan baldintza egokiak bermatzeko adinako aurrekontuak onartzea.
Gaurko greba egunari jarraipena emango diote bihar, sektore publiko osoko gainerako langile publikoekin deitutako greban. Hezkuntza Sailak eta alderdiek eskaera horiei erantzun egokirik eman ezean, mobilizazioak sustatzen jarraituko dute sindikatuek.