Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeak

Jarraipen zabala izaten ari da hitzarmenaren aldeko greba

2023/04/25
ELAk, STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk ohartarazi dute greba eta mobilizazio gehiago egongo direla Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalekin hitzarmena negoziatzeak lan kargak arintzeko neurriak bermatzen ez baditu, sektore feminizatuenentzat eta prekarizatuenentzat hobekuntzak bermatzen ez baditu eta KPIren araberako soldata igoerak bermatzen ez baditu, besteak beste.

Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru zeuden gaurko grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen diote hezkuntza.

Kolektibo desberdinetan jarripen zabala izan du grebak: administrazio eta zerbitzuetako langileen artean, Haur hezkuntzako lehen zikloko langileetan, Hezkuntza laguntzako espezialistetan eta etapa guztietako zein lanbide Heziketako irakasleetan alegia. Lan zuzendaritzak greba egun honetarako gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen arren, sindikatuek batu ahal izan dituzten datuen arabera geldialdia %65 ingurukoa, Bizkaian eragin nabarmenagoarekin. Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru batu dira, egin diren aldarrikapenekiko langilegoaren atxekipena agerian utziz.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Lan Hitzarmenaren negoziaketak blokeatuta daudela salatu zuten orain hilabete, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako egiten.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.

Mobilizazioetara jo aurretik, negoziaketa mahaian ordezkaritza daukaten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei idatzi bat aurkeztu zioten. Bertan, negoziaketarako sindikatuen borondatea agertu eta edukiz betetako Lan Hitzarmen baten inguruko proposamena mahai gaineratzeko eskatu zieten.

Gaur gaurkoz ez dute patronalen aldetik inolako erantzunik edo berririk izan. Ezta proposamenik jaso ere.

Patronalen inmobilismo eta balizko proposamenik ezaren aurrean, gaurko deitutako grebarekin aurrera egin dute sindikatuek.

Gaurkoan grebak izan duen jarraipena eta manifestazioak izan duen babesa ikusita, sindikatuek sektoreko patronalei edukiak izango dituen proposamen bat helarazteko eskaera luzatzen diegu. Horrela izan ezean greba eta mobilizazioak indartu beste biderik ez dute izango.