Jarraipen zabala izaten ari dira EAEko Hezkuntza Publikoaren aldeko greba eta mobilizazioak

2022/11/30
LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deituriko gaurko greben eta mobilizazioen jarraipena zabala izaten ari da. Batez beste, langileen %60k egin du bat grebarekin, tartean irakasle, Haurreskolak Partzuergoko langile, eskoletako hezitzaile eta Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileak daudela. Horretaz gain, milaka pertsona gerturatu dira ´Publikoa, Euskalduna eta propioa helburu´ lelopean hezkuntza legea langileekin eraikitzeko Bilbon deitutako manifestaziora.

Argi dago hezkuntza komunitatearen parte zabala den langileriak bat egiten duela sindikatuen irakurketarekin. Alegia, lege aurreproiektuaren zirriborroak egungo hezkuntza eredu duala betikotu egiten duela, eta ez duela gainditze bidean jartzen. Beraz, borrokatzen jarraituko dute sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko, sare publikoa baita aukera berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena.

Horretarako, datorren abenduaren 14an beste greba eta mobilizazio eguna deitu dute. Gaur arratsaldeko 18:00etan mobilizazioak deituta dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen, eta horietara hezkuntza sistemako langile guztiak eta hezkuntza komunitate guztia deituta dago.

Honako hauek dira aldarrikapenak:

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea.
2.- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dute sindikatuek.
3.- Publifikazio marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea.
4.- Hezkuntza Lege propioa nahi dute.
5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen Hezkuntza Legea.
6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza Legea.
7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza Legea.
8.- Hezkuntza sistema osatzen duten langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen Legea.
9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo dena.
10.- Hezkuntza Lege parte-hartzailea, langileak aintzat hartuko dituena.