eskola segregazioaren itunerako mahaia
Jaurlaritzak eragileei aldez aurretik parte hartzaileen berri eman gabe osatu du mahaia

ELAk ez du parte hartu gaur Eusko Jaurlaritzak eskola segregazioaren inguruko itunarentzako osatutako mahaiean. Ostiralean, irailaren bostean, jakinarazi zuen publikoki sindikatuak bere erabakiaren berri. Izan ere, ELAk ez du jaso aldez aurretik mahaiko parte hartzaileen eta ordezkaritzaren inolako xehetasunik (ELA eta STEILAS sindikatuek ezezkoa adierazi dute jada, hezkuntza osoko ia %60ko ordezkaritza dena) eta uste du, bestelako neurririk hartu ezean, segregazioari aurre egiteko oztopo direla Hezkuntza Legea eta udaberriko greba amaierako akordioa.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak horrelako eztabaida foroak antolatu dituenean, Osasun Itunean gertatu bezala, eztabaidarako metodologiak inposatzek ditu, baita parte hartzaileak ere, norbanakoak zein bestelako eragileak neurri berean hartuta. Guztia, gobernuaren neurrira eginiko akordioak berresteko eta parte hartze demokratiko baten irudia emateko.
ELA bat dator ikasleen segregazioa dela EAEko hezkuntza sisteman duen arazo larrienetako bat adierazterakoan. ELAren iritziz, ikasle zaurgarrien eta bestelako ikasleen banaketa orekatzeaz gain, hezkuntza prozesuaren helburua ere bada ikasleen arteko ekitatea eta kohesio soziala bultzatzea, eta horretarako sakoneko aldaketak ezinbestekoak dira. Aldaketa horiek gutxienez hiru esparru nagusitan eman beharko lirateke:
-
Eremu pedagogikoan: Alde batetik, euskarazko murgiltze eredua ezarri behar da ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko aukera izan dezaten. Bestetik, euskal gizartearen kohesioari erantzun eta estatuko inposaketarik gabeko kurrikulum propioa behar da, euskal kulturaren erreferentzialtasunetik abiatuta eta aniztasuna oinarri hartuta.
-
Baliabideen eremuan: Ikasleen aniztasunari eta beharrei erantzuteko ikasle eta hezkuntzako langileen arteko ratioa hobetu behar da; ikasle etorri berriei harrera osoa emateko eta, bereziki, hizkuntza harrera eskaintzeko, profesional espezifiko gehiago behar dira; irakasleen lan karga burokratikoak murriztu behar dira ikasleen arreta hobetzeko; ikasleen jatorrizko desoreka sozialak berdintzeko finantziazio orekatzaileak eskaini behar dira, eta profesionalen egonkortasuna bermatu (kontsolidazio prozesuen ondoren, behin-behinekotasunak %30eko langa gainditzen jarraituko du), besteak beste. Helburu horiei guztiei ekiteko, hezkuntzaren finantziazioa nabarmen hobetu behar da, Europako Barne Produktu Gordinaren %6ko batez besteko inbertsiora iritsi arte, behintzat.
-
Sistemaren egituraketa eremuan: Egungo sare banaketan (publikoa, itundua eta erabat pribatua) oinarritutako sistema gainditu behar da erabat publikoa izango den sistema propio baten bidean. Gainera, hezkuntza prozesu guztiaren erabateko doakotasuna bermatu, eta eskolen autonomia eta tokiko hezkuntza komunitateak boteretu behar dira, tokian tokiko beharrei erantzun ahal izateko. Bestetik, ikasle tipologia guztien banaketan oreka bermatu behar da, eta horretarako aldaketak sustatu behar dira matrikulazio sisteman eta matrikula bizian (ikasturtean zehar erroldaketan aldaketak dituzten ikasleen matrikulazioan).
Eusko Jaurlaritzak, baina, uko egin die aipatutako aldaketa horiei. Uko egin zien 2023an onartutako Hezkuntza Legean eta uko egin zion udaberrian grebei amaiera emateko Steilasekin, LABekin, Interinokekin eta CCOOrekin erdietsitako akordioan.
Ondorioz, ELAk uste du ezinezkoa dela ikasleen segregazioari eta kohesio sozialari erantzutea aipatutako aldaketak bultzatzen ez dituen Hezkuntza Legea eta udaberriko akordioa oinarri hartzen badira. Osasun arloan eta segurtasunean gertatu legez, halako mahaiak argazki hutsean geratzen dira; ildo orokorregiak besterik ez dira adosten, konponbiderako neurriak beharrean, eta ez dira kontuan hartzen parte hartzaileen ordezkaritza eta zeregina. Horregatik erabaki du ELAk ez duela parte hartuko.
Bide horretan, ELA hezkuntza arloko beste eragile batzuekin harremanetan jarri da, bereziki Steilasekin eta LABekin. Hala adierazi zuen ostiralean, sindikatuak uste baitu elkarrekin segregazioari aurre egin eta kohesio soziala lortzeko neurriak adostu behar direla, eta horien alde elkarrekin mobilizatu. Eskari hori berretsi eta luzatu egiten die gainerako eragileei.