Kaleratze onartezinak BBVAn

2016/06/27
Kaleratze onartezinak BBVAn
BBVAko langileek elkarretaratze bat egin dute gaur goizean Bilbon 14 lankideren kaleratzeak salatzearren. Kaleratzeen arrazoia zera izan da: “kontratuaren fede ona urratzea, produktibitate eskasagatik".

Ekonomiaren testuinguruaz, erregulazio-betekizun handiagoez, teknologia berrien abantailez eta bururatzen zaizkien gainerako aitzakiez ematen dizkiguten azalpenak eta guzti; egia esateko, BBVAk 2015ean lortu dituen emaitzak ikusgarriak izan dira: 2.642 milioi euro etekinetan, eta 2014 urtearen aldean %0,9ko igoera.

Alde horretatik, ELAren ustez onartezina da bankuak 14 lankide kaleratzea erabaki izana, errendimendu txikiaren aitzakiatan, eta bitarteko arduradunen ahotan esanez “ausardiarik gabeko lankideak zirela” eta “bankuak ez duela funtzionariorik nahi” edo “bankuak ez duela onartuko gehiago baloratzea familia-bizitza, lan-bizitza baino”.

Banku handietako oraingo zuzendarientzat, aurrekoentzat bezalaxe, eraginkortasuna prekarietatean sakontzea da, bulegoak ixtea, eta mugikortasun geografiko traumatikoa areagotzea.

Egoera honetan ELAk dei egiten die bankako langile guztiei murgiltzen ari diren egoera larriaz jabetzeko. Erabakiak hartzeko garaia heldu da, burua altxatzeko, eta aurre egiteko, bai kaleratzeei, bai erakunde desberdinetan proposatuko diren berregituratzeei.