Kontseilu Ekonomiko Sozialak murrizketa sozialei babesa ematen die

2011/04/14
ELAren eta LABen ustez, EAEko EGABek gastu soziala murrizteko politikak babesten ditu, aurreikusita dagoen bilakaera demografikoaren eraginari buruz onartu duen txostenarekin. Txosten honen tesiaren arabera, baztertu egiten da aberastasuna era justuagoan banatzeko aukera.

Hortik abiatuta, bilakaera demografikoa arazo gisa hartzen da, eta egiten duten proposamena murrizketak egitea da, pentsio, osasun zein gizarte-zerbitzuen sistemetan.

ELAk eta LABek, aldiz, beste bide bat proposatzen dute:

• Pentsioak duintzea (eta ez murriztea, CCOOek eta UGTk patronalarekin eta espainiar gobernuarekin hitzartu zuten legez),

• Osasuneko gastu publikoa zeharo gehitzea (Europako Batasuneko azken lekuetan baitago).

• Pertsona guztiei eskubidea aitortzea mendetasun egoera artatzeko beharrezko diren zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoak izan ditzaten (gaur eskubideok ez dira inola ere aintzat hartzen).

• Enplegua sortzeko benetako egitasmo eragingarri bati ekitea, zerbitzu publikoak garatuta eta barne-eskaria bultzata; euskal arlo publikoak zinezko ahalegina egin dezan inbertsio produktiboan eta gure sare produktiboa indartze aldera.

• Lan- eta famili-bizitza bateragarri egiteko eta lana banatzeko plan eragingarri bat egitea, emakumea behingoz lan merkatuan gizonek dituzten baldintza eta aukera berdinekin sar dadin.

• Horretarako zerga-sistema aldatu beharra dago, iruzur fiskalari aurre egin eta zergak igo errenta altuei, enpresen zein kapitalaren errentei.

. Alde batera utzi behar da Madrilen kapitalaren interesen arabera erabakitzen diren politika ekonomikoak beren horretan aplikatzeko joera; euskal gizartearen eskariei erantzuteko gure erabaki-ahalmena  exijitu behar da.