Scientia Karmelo Ikastetxea - Donostia

Kontzentrazioa egin dute Lakuan laugarren greba egunean

2024/05/14
Langileek Jaurlaritzari eskatu diote lanpostuak mantentzeko tresnak ahalbideartu ditzala. Bihar eta etziko greba egunez gain, maiatzaren 20tik aurrera aste osoko deialdia egin dute.

Donostiako Scientia Karmelo ikastetxeko langileek laugarren greba eguna dute gaur. ELA sindikatuak jarraipenaren balorazioa oso positiboa egin du, aurreko astean bezala, grebarekin bat egiteko aukera duten langile guztiek bat egin dutelako. Era berean, ezarritako gutxiengo zerbitzuak gehiegizkoak direla ere salatu dute.

Scientia Karmeloko langileak Gasteizera joan dira gaur, eta elkarretaratzea egin dute Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Bertan, Scientia School enpresaren jokabidea eta haien ondorioz bizi duten egoera salatu dute, eta lanpostuei eusteko, Hezkuntza Sailaren esku-hartzea eta konpromisoa eskatu dute.

Era berean, Karmelo ikastetxean bizi den egoera ez errepikatzeko prebentzio neurriak ere aldarrikatu dituzte langileek. Hezkuntza jarduera eta helburuekin zerikusirik ez duten enpresek, Scientia Schoolen kasu, itunpeko sarean sartzeko aukerarik ez izatea defendatu dute. Izan ere, gogora dezagun Scientia School enpresak Karmelo itunpeko ikastetxea, eraikina barne, erosi zuela orain bost urte, eta orain, bertako 42 langileei jakinarazi die ikastetxea itxiko duela. Jarduera horren atzean interes inmobiliarioak egon daitezkela uste dute langileek.

Hezkuntza Sailari egindako interpelazioan, lehen hartu-emana izan dutela jakinarazi dute langileek, baina eduki edo konpromiso zehatzik gabe. Gainera, bide horretan, beste instituzio eta erakundeek ere auzian ardura dutela azpimarratu dute, hala nola, Donostiako Udalak edo Kristau Eskola Patronalak. Azken bi horiekin ere bilera eskaerak egin dira, baina momentuz ez dute bileretarako data proposamenik jaso.