Kontzentrazioa Lakuan ratioak jaisteko eta hezkuntza publikoko sektore guztietan enplegua sortzea eta finkatzea eskatzeko

2021/06/09
ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuetako ordezkariek elkarret aratzea egin dute Lakuan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ratioak jaistea eta hezkuntza publikoko sektore guztietan enplegua sortzea eta finkatzea eskatzeko. Ildo horretan urratsik ez badago, datorren ikasturterako mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatu horiek.

ELAk, LABek, STEILASek eta CCOOk Hezkuntza Saila egiten ari den politika pribatizatzailea baztertu dute, eta langileen lan-baldintzen eta zerbitzu publikoaren kalitatearen alde borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Ildo horretan, ezinbestekotzat jotzen dute negoziazio-mahaietan hezkuntza-kalitatea hobetzeko ezinbestekoak diren gaiak jorratzea, hala nola ratioak jaistea, plantillak gaztetzea, enplegua sortzea eta enplegu hori sendotzea.

Sindikatu horien iritziz, hezkuntza sektoreek pairatzen duten behin-behinekotasun maila onartezina da. Haurreskoletan, hezitzaileen % 40 eta kudeaketako langileen % 100; irakasle funtzionarioen kasuan, % 41; hezkuntza bereziko langileen kasuan, % 60; eta sukaldeko eta garbiketako langileen kasuan, % 65. "Datu horiek hain larriak izateak eta aldatzeko borondaterik ez izateak agerian uzten du Administrazioak hezkuntzaren kalitateari eta bere ardurapeko langileei ematen dien baliorik eza", salatu dute.

Gauzak horrela, ELAk, LABek, STEILASek eta CCOOk kontsolidazio-prozesuak berehala abian jartzea eskatzen dute, behin-behineko langileek lanpostuak finkatu ahal izan ditzaten. "Jakin behar dugu lanpostuak egituratzen ez badira errazagoa izango dela desagerraraztea, hau da, enplegua suntsitzeko arriskua handitzen dela, baita azpikontratazioa eta zerbitzuen pribatizazioa ere, eta horrek guztiak prekarizazioa dakar. Pribatizazio dinamika honekin amaitzea premiazkoa da, bereziki sukaldea eta garbiketa bezalako sektore prekarioetan ", aldarrikatu dute.

Azkenik, sindikatu horiek salatu dute gaur egun ez dutela informaziorik jaso datorren ikasturterako plangintzari, antolaketari eta baliabideei buruz, eta agerian utzi dute Sailak erabakiak hartzen jarraitu nahi duela, alde bakarretik eta irakaskuntza publikoko langileen ordezkariekin negoziatu gabe.