Ehungintza eta oinetakogintza sektorea
Kontzentrazioak ARTE patronalaren lan baldintzak estatalizatzeko ahaleginaren aurka

Zehazki, joan den uztailaren 17an negoziazio mahaia eratu zen Madrilen. ELAk mahai horretan aldarrikatu zuen hitzarmen probintzialak negoziatzeko eskubidea, EAEn gehiengo osoa baitu eta Nafarroan gehiengoa. Greba ere egin zen egun horretan.
ELAk uste du negoziazio hori EAEko eta Nafarroako langileen negoziatzeko gaitasunaren aurkako erasoa dela. ARTE patronalaren estrategia negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren adibide garbia da, euskal langileen negoziazio esparrua ukatzeko eta haien lan baldintzak okertzeko. Horregatik guztiagatik egin dira gaur elkarretaratzeak.
Izan ere, gaurko bileran, ARTE patronalak hitzarmen berri baterako ardatz nagusiak aurkeztu ditu, honako eduki hauekin, besteak beste: funtzio eta denbora eremua, negoziazio kolektiboaren egitura, lanbide sailkapena, kontratazioa, lan denbora, igandeak eta jaiegunak, kontziliazioa, mugikortasuna eta diziplina araubidea... Adibidez, asteburuetan eta jaiegunetan irekitzeko gutxieneko batzuk ezartzeko beharra planteatu da. ELArentzat oso kezkagarria da bai patronalak, bai CCOO sindikatuak eskatzea sektoreko lan baldintzak estatu mailan homogeneizatu behar direla. Horregatik, ELAk berriro eskatu du hitzarmen horretatik kanpo, uste baitu bere negoziazio kolektiborako gaitasunaren eta gehiengo sindikalen inbasioa dela.
EAEko langileek Espainiar estatuko lan baldintzarik onenak dituzte. Baldintza horiek antolakuntza sindikalari esker lortu dira, baita sektore horrek egindako grebengatik ere. Horregatik, ELAk argi du estatalizazioaren aurka borrokatuko dutela, eta negoziazio esparrua errespetatzea eskatzen du.