Kristau Eskolaren proposamenak ez die erantzuten langileen oinarrizko aldarrikapenei

2013/12/13
ELAren ustez sindikatuen aldarrikapenek ez dute zertan esfortzu ekonomiko handiagoa suposatu behar, baina bai hitzarmena eta langileen eskubide eta lan-baldintzak bermatzea.

ELA harrituta dago Kristau Eskolak egin duen proposamenaren eduki eta proposamena egiteko erabili duen moduarekin.

Moduei dagokionez, gogoratu behar dugu duela ia bi aste Kristau Eskolak negoziatzeko prest zeudela eta sindikatuoi proposamen zehatza pasa zigutela esan zuten publikoki eta atzora arte sindikatuok ez dugu inolako proposamenik jaso. Eta proposamena hel arazteko modua ere inola ere ez zaigu onargarria iruditzen, hau da, komunikabideei eta sindikatuoi aldi berean bidali zaigu.

Moduak alde batera utzita, planteatzen diren baldintzak eta edukiak ere oso kezkagarriak iruditzen zaizkigu, izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea kentzeko edo negoziazio mahaia irekitzeko Kristau Eskolaren proposamena onartzea ezinbestekotzat jotzen baitute. Honi lotuta, bide juridikoari eta mobilizazio eta greba aukerei ere uko egitea eskatzen digute. Hau da, epaitegiek behin eta berriro langileoi arrazoia emanez ateratako epaiei maila batean uko egitea, EAEko Auzitegi Nagusiak dion moduan berehala EAEko hitzarmena bere osotasunean aplikatzen hastea alde batera uztea eta negoziazio prozesuan adostasunik lortu ezean mobilizazioari uko egitea.

Azken hilabete luzeetako mobilizazioetan eta pasa den astean Kristau Eskolari negoziaziorako eginiko proposamenean ondorengo oinarrizko puntuak proposatzen genituen:

  • EAEko hitzarmena berreskuratu eta bere osotasunean aplikatzea.
  • Pilaturiko zorra aitortu eta ordainketa epe eta moduak adostu (beti prest egon gara modu malguan negoziatzeko).
  • EAEko hitzarmena berritzeko negoziazio mahaia irekitzea inolako txantaje eta murrizketa planteamendurik gabe.
  • Lan-erreformaren aurrean hitzarmena babestu eta ikastetxe bakoitzean bere aplikazioa bermatzea.

Honekin batera, beti prest agertu gara ikastetxe bakoitzaren egoera zehatza aztertzera eta arrazoi ezberdinengatik zailtasunak zituztenetan zuzendaritza eta langileen ordezkarien artean adosturiko irteera aurkitzen saiatzera.

Hau honela, harrigarria iruditzen zaigu Kristau Eskolaren proposamenak oinarrizko puntu hauei inola ere ez erantzutea eta hitzarmen berritzeko negoziazioari berrekiteko ere aldarrikapen horietako gehienei uko egitera behartzea. Hitz egiten edo negoziatzen hasteko honelako baldintzak ezartzea onartezina izateaz gain, negoziaziorako txantajea egitea dela iruditzen zaigu.

Gainera, sindikatuon aldarrikapenak eta luzaturiko proposamenak Kristau Eskolak luzaturiko proposamenarekiko ez du zertan ikastetxeentzat esfortzu ekonomiko handiagoa suposatu behar, baina bai hemendik aurrera hitzarmena eta langileen eskubide eta lan-baldintzak bermatzea. Eta beldur gara Kristau Eskolaren proposamen honek, hain zuzen ere, hitzarmenaren aplikazioa, eskubideak eta lan-baldintzak airean utzi nahi izatea.

Eta bestalde, ELAren ustez proposamen honek ez die patronalek behin eta berriro oinarrizko arazotzat jo izan duten finantziazio arazoei aurre egiten eta aurkitu nahi den irteerak Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna lausotu eta presioa ahultzen duelakoan gaude.

Hau honela, ELAk berriro ere hitz egitera esertzeko deia egiten dio Kristau Eskolari eta benetako murrizketa eta txantajerik gabeko negoziazio bati hel diezaiola. Modu berean, orain arte behin eta berriro egin dugun moduan Eusko Jaurlaritzari dei berezia egiten diogu gatazka honetan duen ardurari hel diezaion eskatzeko eta murrizketak politikak alde batera utzita gatazkari konponbidea emango dion irteera aurki dezala langileak sakrifikatu gabe eta hezkuntza sistemari eta lan-baldintzei egonkortasuna emanez.